Krisi Ekonomikoa -

Pobrezia

Pobrezia % 6ra igo da EAEn, eta 127.000 herritarri eragiten die

Duela sei urte % 4,2koa zen tasa hori, eta % 5,3koa, 2012an. Araban hazi da gehien txiro kopurua, % 8raino.

Juan Mari Aburto Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiken sailburua. Argazkia: Efe
Juan Mari Aburto Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiken sailburua.
100 lagunetik 6 txiroa da Euskadin

1:53

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko pobrezia maila % 5,9raino igo da aurten, hau da, 127.400 herritar daude egoera horretan. Duela sei urte % 4,2koa zen tasa hori, eta % 5,3koa, 2012an. Araban hazi da gehien txiro kopurua, % 8raino.

Juan Mari Aburto Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiken sailburuak eman ditu datuok, Gasteizko Legebiltzarrean egin duten langabeziari eta pobreziari buruzko bilkura monografikoan. 2014an egindako inkesta batean oinarrituta eman ditu Aburtok datuok.

Aburto hitz egiten ari zen une batean, Bergarako Candy Hoover enpresako langileak sartu dira Legebiltzarrean eta oihuka eten dute hitzaldia, enpresaren itxiera salatzeko. Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak ganberatik kanporatu ditu.

Ikerketa horretan, pobrezia eta ongizate gabezia adierazleak aztertu dituzte, eta ondorio nagusia da 127.400 pertsonak ez dutela "nahikoa babesik" oinarrizko beharrak asetzeko.

Kopuruak gora eta gora egin du azken sei urteetan, eta Araban % 8,2raino iritsi da. Bizkaian ere batez bestekotik gora dago (% 6,4), eta Gipuzkoan hortik behera, % 4,2.

Gainera, EAEko beste 120.000 pertsona ez daude "ongizate egoeran", biztanleriaren % 11,5. 2012an % 10,1ekoa zan kopuru hori, eta 2008an, % 8,2koa.

Hori horrela, guztira 250.000 pertsona omen daude “ongizate egoeratik kanpo”, baina babes sozial sistema, hobetu daitekeen arren, pobrezia murrizteko ona dela esan du Aburtok.

Atzerritarrak

Bestalde, txiroen jatorriari dagokionez, % 4 dira EAEn jaiotakoak, % 19,4 atzerrian (Espainiako Estatutik kanpo) jaio baina nazionalizatuta daudenak, eta gainerakoak etorkinak dira

Aburtok aitortu du 2008an baino pobreagoa dela EAE, eta aldea handiagoa dela probe eta aberatsenen artea. Hala ere, diru-sarrerak bermatzeko errenta egongo ez balitz baino askoz hobea omen da datua.

Oposizioaren kritikak

Inkesta gaur aurkeztea kritikatu dute oposizioko taldeek. Eusko Jaurlaritzak datuak osoko bilkura egin baino lehen eman ez izana gaitzetsi du oposizioak.

EH Bilduk “pobrezia banatzera” mugatu nahi ez duela ziurtatu du Oskar Matute legebiltzarkideak. Iñigo Urkulluren Exekutiboak krisi egoerari aurre egiteko “borondate politiko” eta “ausardia” falta duela uste du Matutek.

Babes sozialeko sistema mantentzea beharrezkoa dela argi dute jeltzaleek, Amaia Arregi EAJko legebiltzarkideak azaldu duenez, baina “sistemaren bideragarritasuna eta eramangarritasuna bermatzeko itun sozial handi bat ezinbestekoa” dela erantsi du.

Zerbitzu sozialen kalitatea eta kohesioa bermatzeko erakundeen arteko funts bat sortzea aldundiei proposatzeko eskatu dio Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak Gasteizko Exekutiboari. Euskal herritar guztiak, alderdiak eta erakundeak tartean sartzeko “itun soziala berritzea” beharrezkoa dela azaldu du sozialistak.

Laguntzak eta lana egiteko aukerak lotzeko eskatu du Laura Garrido PPko legebiltzarkideak. “Jendeak diru-laguntza bat jasotzearekin ezin gara konformatu, lan egiteko aukera bat eman behar diegu”, laburbildu du Garridok. Erronka horri aurre egiteko Lanbideren gabeziak zuzentzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Oraindik pobreziari aurre egiteko egitasmorik aurkeztu ez izanagatik Jaurlaritza kritikatu du Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak; izan ere, Legebiltzarrak duela urtebete eskatu zion. Babes sozialeko sistema nahikoa ez den “dike” bat dela ohartarazi du Maneirok.

Bestalde, ELA eta LAB sindikatuetako buruzagiek desberdintasun soziala eztabaida politikoaren erdigunean kokatzeko eskatu diete alderdiei. Hilabete honetan diru-sarrerak bermatzeko errentaren sistema mantentzeko mobilizazioa hasiko duela iragarri du CCOOk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea