Ekonomia -
Urteko txostena
Inbertitzeko eskualde onenetakoa da EAE, 'Financial Times'en arabera
Egunkari britainiarrak egindako txostenean lehenengo postuan agertzen da, Europako eskualde ertainen artean, logistikari dagokionez, eta seigarrena atzerriko inbertsioa erakartzeko estrategian.
agentziak | erredakzioa
Financial Times taldeak lehenengo postuan kokatu du EAE logistika alorrean, Europako eskualde ertainen artean, eta seigarrena atzerriko inbertsioa erakartzeko estrategian, Kopenhageren, Toscanaren eta Britainia Handiko, Poloniako eta Herbehereetako beste hiru eskualderen atzetik.
Era berean, inbertsioak erakartzeko adierazle guztiak aintzat hartuta, Europa Hegoaldeko bosgarren eskualde onena omen da EAE.
Financial Times-en txostenak hiru tamainatan banatu ditu Europako hiriak eta eskualdeak (handiak, ertainak eta txikiak), eta hainbat adierazle aztertu ditu: inbertsioak erakartzeko estrategia, indar ekonomikoa, giza kapitala eta bizimodua, kostua/etekina eraginkortasuna, logistika, eta negozioak egiteko jarrera.
SPRIren arabera, urteotan egindako lana berresten du txostenak: "Invest in Basque Country estrategia indartu zenetik, bi urtetan 27 atzerriko inbertsio, 152,05 milioi euro eta 783 lanpostu lortu dira".
Financial Times-en txostenean Bilbo ere aipatzen da, atzerriko inbertsioa erakartzeko estrategian laugarrena delako hiri ertainen artean, eta Europa Hegoaldeko hamargarrena adierazle guztiak aintzat hartuz gero.