Ekonomia -
'Fenix operazioa'
Mario Conde atxilotuta, Banestoren 13 milioi euro zuritzea egotzita
Zortzi lagun atxilotu dituzte guztira, bi seme-alabak eta suhia tartean. Ogasunaren kontrako delitua, dirua zuritzea eta gaizkile taldea osatzea leporatu diete.
Agentziak | Erredakzioa
Mario Conde bankari ohia eta Banesto banketxeko presidente izandakoa atxilotu du gaur Guardia Zibilak, 'Banesto auzia'n bidegabe eskuratutako 13 milioi euro baino gehiago Espainiako Estatura ekartzeagatik. Hainbat delitu egotzi diote: kapitalak zuritzea, talde kriminaleko kide izatea, epaiak betetzea galaraztea eta Ogasun Publikoaren kontrako zortzi delitu.
Conde Madrilen atxilotu dute, haren semea, alaba eta honen senarrarekin batera. Guztira zortzi lagun atxilotu dituzte operazioan, baina beste 14 ikertzen ari dira.
Conde eta semearekin batera, beste sei lagun ere atxilotu dituzte: Alejandra Conderen alaba, berorren senar Fernando Guasch Vega-Penichet, Francisco Javier de la Vega abokatua, Francisco de Asis Cuesta, Maria Cristina Alvarez Fernandez eta Roland Stanek.
Guztiak omen dira Conderen izen-mailegatzaileak; Banestori arpilatutako dirua berriro Espainiara eramateko elkarte-egitura sortu omen dute (13 milioi euro baino gehiago), Suitza edo Erresuma Batuko kontuetatik; hori guztia egiteko, maileguak, kapital-zabalkuntzak eta eskudirutan egiteko diru-sarrerak erabili omen dituzte.
Hainbat miaketa ari da egiten Guardia Zibila, besteak beste, familiak Triana kalean duen etxebizitzan eta bankari ohiak dituen enpresa batzuen egoitzetan.
Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak ohar batean jakinarazi duenez, 2014ko irailean hasi ziren zuritzea ikertzen, eta martxoaren 29an aurkeztu zuten kereila, Auzitegi Nazionaleko 1. zenbakiko Instrukzio epaitegiak bere gain hartu duena.
17 urte dirua zuritzen: 13 milioi euro baino gehiago
Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak eta Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak koordinatu dute operazioa. Fiskaltzaren arabera, Condek eta bere gertukoek 'Banesto auzian' ustez eskuratutako dirutza Espainiara eramateko enpresa sarea sortu zuten atzerrian zein Espainiako Estatuan.
Espainiako sozietateak beste lagun batzuen izenean erregistratu zituzten, eta maileguak, kapital handitzeak eta esku-dirutan egindako diru-sartzeak erabilita aberriratu zuten.
Fiskaltzaren arabera, atxilotutako lagunek denbora zeramaten atzerrian zuten diru hori apurka-apurka Espainiako Estatuan sartzen.
1999an hasi zen Conde Banesto banketxetik eskuratutako dirua zuritzen, eta ordudanik, horretan jardun ei du propio sortutako enpresa sarearen bitartez.
Bi auzirengatik zigortu zuten Conde: 'Argentia Trust' (Auzitegi Nazionalak 1997an zigortu zuen, eta Gorenak 1998an) eta 'Banesto' (2000koa da Auzitegi Nazionalaren epaia, eta 2002koa, Gorenarena).
Epaion arabera, 26 milioi euro eskuratu zituen bankari izandakoak. Hain justu, desagertutako eta errekuperatu gabeko dirutza ori (13 milioi euro baino gehiago) zuritu du Condek 17 urte hauetan. Banesto banketxeko 900 milioi pezeta (5,4 milioi euro) bereganatu omen zituen Condek. Diru kopuru hori handituz joan da, gainera, inbertsioei esker jasotako gainbalioak tarteko.
Conde familiak Madrilen duen etxebizitzan atxilotu dituzte bankari ohia, haren seme-alabak eta suhia. EFE
Egun osoko miaketa, ikusmin mediatiko handikoa
Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboko zenbait agentek 08:00etatik daramatzate Banestoko presidente ohiaren etxebizitza miatzen (Triana kaleko 63. Zenbakian, Chamartin barrutian); bertan, hainbat auzoko eta zenbait hedabide daude zain, ikusminez.
Ikerketako iturriek Eferi baieztatu diotenez, Mario Conde eta berorren seme Mario Conde Arroyo, goizeko lehen orduan atxilotuak eurak, miaketan daude.
Zazpi edo zortzi agente daude etxean. Bertan, segurtasun-kamerak daude, eta Guardia Zibileko bi agente ari dira atea zaintzen. Kalean, bitartean, erreportari grafikoak eta kazetariak ari dira itxaroten.
10:00ak aldera, miaketan parte hartzen ari diren agente batzuk etxean sartu dira. Tolestutako kaxak eta enbalatzeko zinta zeramatzaten; izan ere, miaketan hartzen duten gorde nahi zuten. Aurreikuspena da miaketa ordu batzuetan luzatzea.
Egunean zehar, Ignacio Pelaez Conderen abokatua besterik ez da irten etxetik. Komunikabideei esan die ezin zuela ezer komentatu; izan ere, ikerketa sumario-sekretupean dago.
Euria erruz botatzen bazuen ere, hainbat lagun bertaratu dira etxebizitzara (Pio XII kaletik oso gertu). Askok argazkiak ere egin dituzte, mugikorrak erabiliz. Batzuek esan diete kazetariei bazekitela Conde bertan bizi zela, baina beste batzuk harrituta azaldu dira, ez zekitelako "beste behin" zegoela atxilotuta.
Condek Guardia Zibilaren Tres Cantos Komandantziako ziegetan igaroko du gaua, ikertzaileek Europa Press albiste agentziari informatu diotenez.
20 urteko kartzela zigorra, 'Banesto auziagatik'
67 urteko bankariari 20 urteko kartzela zigorra ezarri zion Gorenak dirua bidegabe jabetzeagatik eta iruzur eta faltsutze delituengatik. 1987an izendatu zuten Banestoko presidente, 39 urte zituela. Sei urte geroago, 1993an, ezagutu zen 'Banesto auzia' izenarekin ezaguna egin zen finantza eskandalua.
Banketxeak 450.000 milioi pezetako (2.704 milioi euro) galera zuela jakinarazi zuen 1993an, eta Espainiako Bankuak hartu behar izan zuen finantza erakundearen kontrola.
2005ean atera zen Conde espetxetik, hirugarren gradua lortuta.
Catalaren erreakzioa
Rafael Catala Espainiako jarduneko Justizia ministroak nabarmendu duenez, Mario Conde atxilotu badute, "oinarri juridikoa" egon badagoelako da.
Poliziaren eta auzitegien jardunari errespetua adierazi dio ministroak, eta "orain Justiziak ezarri beharko dio zigorra, hala badagokio behintzat", erantsi du.