Ekonomia -

Zumarragako Arcelorren itxiera

Kontsulten epea luzatu dute zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak

Hortaz, bi aldeak berriro bilduko dira datorren astean. Hala ere, bakoitzak bere jarrerari eusten jarraitzen du.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arcelor Mittaleko zuzendaritzako eta Zumarragako lantegiko enpresa-batzordeak akordiorik gabe amaitu dute bosgarren bilera. Hala ere, kontsulten epea luzatzea adostu dute eta, ondorioz, datorren astean beste bi bilera izango dituzte.

Bakoitzak bereari eusten jarraitzen dio. Enpresak dio Zumarragako planta ez dela bideragarria eta itxi egin behar dela; enpresa-batzordeak, berriz, industria-plan bat lantzea exijitzen du, fabrika funtzionamenduan mantentzeko.

Langileen lekualdatzerako eta lan-baldintzen aldaketari buruzko kontsulten epea gaur amaitu behar zen, baina bi aldeek adostu dute beste astebetez luzatzea. Asteartean eta ostiralean bilera bana egingo dituzte.

Enpresa-batzordeko iturriek azaldu dutenez, sindikatuen asmoa da elkarrizketa horietan lantegiaren bideragarritasuna aztertzea. Alabaina, enpresak justifikatutzat ematen du itxiera eta langileen lekualdatzeak eta aurre-erretiroak soilik negoziatu nahi ditu.

Horrez gain, bi aldeak itxieraren arrazoien inguruan aritu dira ostiral honetako bileran, baina ez dute inolako adostasunik lortu, enpresako iturriek jakitera eman dutenez.

Zumarragako lantegian 342 pertsona daude, eta zuzendaritzaren proposamenaren arabera, 268 Asturiasera eramango lituzkete, 50 EAEn eta Nafarroan kokatuko lituzkete eta 24k aurretiazko erretiroa hartuko lukete.

Zumarragako Arcelor Mittaleko plantak erabat eten zuen ekoizpena astearte honetan, zuzendaritzak hala erabakita.

Altzairuaren sektoreak bizi duen sektoreari aurre egiteko dinamizazio-plana exijitu dio, gaur,  Eusko Legebiltzarrak, aho batez, Eusko Jaurlaritzari. Espainiako Gobernuari, berriz, tarifa elektrikoak merkatzeko eskatu dio Gasteizko Ganberak.

Arcelor Mittalen zuzendaritzari ere zuzendu zaio Legebiltzarra, "arduraz" joka dezala eta Sestaoko eta Zumarragako plantak zabal ditzala eskatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana berriak Ekonomia Zumarraga argazkiak Albisteak