Ekonomia -

Lan Osasunaren eguna

Sindikatuek salatu dute prekarietateak langileak 'hiltzen' dituela

Antzeko leloekin atera badira ere, sindikatuek banatuta egin dute protesta; izan ere, LABek azaldu duenez, CCOO eta UGT elkarrizketa mahaian esertzen dira prekarietate politikari "estaldura" emanez.

Laneko segurtasunaren eta osasunaren munduko eguna ospatu da gaur

1:23

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sindikatuak kalera atera dira Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, eta prekarietateak "hil" egiten duela salatu dute, Bilbon egin dituzten manifestazioetan. Neurriak eta baliabideak eskatu dituzte lan-ezbeharrei eta gaixotasun profesionalei aurre egiteko.

ELA sindikatuak manifestazioa egin du Euskadi plazatik abiatu eta Cebek Bizkaiko patronalaren egoitzaraino, Adolfo 'Txiki' Muñoz idazkari nagusia buru zela.

"Esan ezetz prekarietateari, zuk gehiago balio duzu" lelopean zeharkatu dituzte kaleak, "prekarietatea, hiltzailea" oihukatzen zuten bitartean.

Leire Txakartegi ELAren osasun alorreko arduradunak salatu du lan-ezbeharrak ugaritzen ari direla lan merkatuan ezarrita dagoen "egiturazko prekarietatea" dela eta.

Sindikalistak "lan duina" eskatu du, "osasunerako oinarrizko eskubidea" bermatuko duena, eta Jaurlaritzari "lan osasuneko politika publikoetan aldaketa sakonak" egiteko exijitu dio.

Bestalde, LABeko kideek "prekarietateak gaixotu eta hil egiten du" lelopean egin dute manifestazioa, Confebasken egoitzatik hasi eta Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaraino. Azken puntu horretan, buzo gorriak jantzita, lurrean etzan dira, zerraldo baten inguruan.

Ainhoa Etxaide sindikatuaren idazkari nagusiak salatu du hamazazpi langile hil direla Euskal Herrian aurten, horietako 12 Bizkaian, eta horrek agerian uzten omen du "prekarietate maila".

Buruzagi sindikalak Cofebaskek prebentzio alorrean egin duen lana kritikatu du, eta Jaurlaritzak patronalari "estaldura" ematen diola.

Etxaidek aitortu du sindikatuak gauza "berbera" exijitzen ari direla egunotan, baina batasunik ez izatea justifikatu du, CCOO eta UGT "elkarrizketa mahaian esertzen" prekarietate politikari "estaldura" ematen ari direlako.

CCOOk amiantoaren biktimei eskaini die eguna, Jaurlaritzari kolektibo horrentzat kalte-ordain funtsa sortzea proposatuz.

Moyua plaza UGTk hartu du, eta Raul Arza EAEko idazkari nagusiak gogorarazi du azken urtean baja hartzera behartu duten 2.225 lan-istripu izan direla.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bilbo Bizkaiko albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana Ekonomia Eguneko albisteak