Ekonomia -
Gipuzkoa
Espedientea Aldundiari eta 25 enpresari, prezioak adosteagatik
Gipuzkoako autobus bidezko garraio sektorean lehiaren aurkako jokabideak ustez egiteagatik ireki die espedientea Lehiaren Euskal Agintaritzak, merkatua "partekatu" izana egotzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) espedientea ireki die Gipuzkoako Foru Aldundiari, Avitrans enpresa-elkarteari eta autobus bidezko garraio sektoreko 25 enpresari, "prezioak adostea" eta "merkatua partekatzeko kartel bat osatzea" egotzita.
Besteak beste, enpresa hauek daude ikertutakoen artean: Eusko Trenbideak, Tolosaldea Bus, Transportes Pesa, Iparbus, TSTT, Ekialdebus, Goierribus, Ulacia Bidaiak eta Unitravel.
LEAk duen informazioa aztertuta ondorioztatu dutenez, Lehia Defendatzeko Legearen 1. artikuluaren "arau-haustearen arrazoizko zantzuak" daude. Horren arabera, "Gipuzkoako bidaiarien errepideko garraioko merkatua banatzea eta horren prezioak adostea" da ustezko arau-haustea.
Horren ildotik, LEAk ohartarazi du bere lehentasunetako bat dela kartelak ikertzea, "kontsumitzaileengan eta merkatuetako bidezko funtzionamenduan duten eragin larriarengatik".
Erakundeak eskura dituen tresnen artean, Errukitasun Programa dago. "Kartel baten partaide diren enpresei isun-ordainketa salbuestearen onurak jasotzea" ahalbidetzen die horrek, "kartelei antzemateko frogak aurkezten baldin badituzte".
Bidaiarien errepideko garraioko zenbait enpresatan abenduan ikuskapena egin ondoren erabaki du LEAk zigor-prozedura abiatzea.
Lehiaren Euskal Agintaritza izaera administratiboa duen erakunde autonomo eta independentea da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduera ekonomikoetan "merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatu, bermatu eta hobetzea" du helburu.