Ekonomia -
Lan-gatazka
109 behargin kaleratu nahi dituzte Unipapeleko hiru lantegietan
Lan-erregulazioko espedienteak 17 behargini eragingo die Adunako lantegian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Unipapel enpresaren jabeak, Springwater inbertsio funtsak, enpresa horrek Tres Cantosen (Madril), Logroñon eta Adunan (Gipuzkoa) dituen lantegietan 109 behargin kaleratzeko lan-erregulaziorako espedientea aurkeztu du.
Hiru lantegi horietan, guztira, 331 langile daude. Kaleratuko ez dituzten gainerako beharginentzat kontratuak aldi baterako etetea proposatu du, LABeko iturriek jakinarazi dutenez.
Springwaterren zuzendaritzaren asmoak betez gero, Madrilgo lantegian 79 langile kaleratuko dituzte; Adunan, 17; eta Logroñon, 13.
Enpresa-batzordeek zuzendaritzak emandako dokumentazioa aztertu behar dute, baina ez dute mobilizazioak egitea baztertu.
Gaur bilerak egingo dituzte hiru lantegietan, zuzendaritzarekin izan duten bileran entzundakoak langileei azaltzeko.
Litekeena da bi aldeen arteko bilerak maiatzaren 24an hastea.