Ekonomia -
Esportazioak eta inportazioak
EAEko ondasun esportazioak % 2,4 hazi dira, 2016ko lehen hiruhilekoan
Ondasun esportazioak 5.115 milioi euroraino hazi dira Euskal Autonomia Erkidegoan.
agentziak | erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko ondasun esportazioak 5.115 milioi euroraino hazi dira 2016ko lehen hiruhilekoan, iazko aldi berean (4.9996 milioi euro) baino % 2,4 gehiago.
Ondasun inportazioek, aldiz, % 7,6 behera egin dute, 3.536 milioi euroraino, urtarrila eta martxoa bitartean. Hortaz, saldo garbia positiboan jarri eta 1.579 euroko superabita lortu da, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak gaur jakinarazi duenez.
Lurraldeka, Arabako esportazioen hazkundea (% 26,2) azpimarratu behar da, batez ere, garraio materialen (% 69,6) esportazioari esker lortutakoa. Araban, halaber, % 31 hazi dira inportazioak.
Bizkaian (% 8,3) eta Gipuzkoan (% 4,1), ordea, behera egin dute esportazioek lehen hiruhilekoan.
Bizkaian, metalen eta beren manufakturen (% -17,8) eta garraio materialen (% -11,3) esportazioak gutxitu dira. Inportazioak ere gutxitu egin dira, % 20,4, alegia.
Gipuzkoan, garraio materialen esportazioek % 12,3 behera egin dute. Halaber, material elektrikoaren (% -2,2) eta manufakturen (% -10,1) inportazioak gutxitu egin dira.
Oro har, Europar Batasunerako esportazioak hazi dira % 7,6, saldutako guztiaren % 67,2. Aipatzekoak dira, gainera, Belgika (% 35,9), Alemania (% 7,7) eta Portugal (% 7,5) herriek izandako hazkundea; eta, Italiaren (% -3,8) eta Erresuma Batuaren (% -0,6) esportazioen beherakada.
Europatik kanporako esportazioei dagokienez, Turkiako (% 24), Txinako (% 22,3) eta AEBetako (% 15,3) herrietara egindakoak nabarmentzen dira. Bestalde, Mexikori (% -16) saldutakoak gutxitu dira.
Inportazioen harira, Europar Batasunetik egindakoak % 4,5 gutxitu dira, batez ere, Erresuma Batutik (% -56,6) egindakoak eta Herbehereetatik (% -18,5) eta Frantziatik (% -12) egindako inportazio energetikoak. Inportazioetan atzerakadarik izan ez duen herri bakarra Alemania (% 23) izan da.
Munduko gainerakoan, Txinatik (% -5,9) etorritakoak gutxitu eta Nigeriakoak (% 96) eta Errusiakoak (% 23,4) handitu dira.