Ekonomia -
Hondarribiko Aireportua
2500 euroko tarifa finkoarekin, Donostiatik Madrilera nahi adina aldiz
Boga aire konpainia berriak irauli egin nahi du Hondarribiko aireportutik Madrilera eta Madrilera bidaiatzeko modua.
agentziak | erredakzioa
Boga aireko konpainia berriak irauli egin nahi du Donostiatik Madrilera eta Bartzelonara hegazkinean joateko modua, eta 2.500 euroko tarifa finkoa eskaintzen du, negozio bidaiariei zuzenduta bereziki, hilean nahi adina aldiz hegan egiteko Hondarribiko Aireportutik Espainiako eta Kataluniako hiriburuetara.
Yon San Martin Boga Flysharingen fundatzaileak prentsaurrekoa eman du gaur Gipuzkoako hiriburuan, Marisol garmendia Mugikortasun diputatuarekin eta Endika Sanchez Gipuzkoako Ganberako idazkari nagusiarekin batera, "Europa mailan aitzindari" den ekimenaren berri emateko.
Eskaintza abenduan jarriko da martxan, Madrilera joango diren hegaldiekin, eta gutxienez 80 bat bazkide pilatu ostean.
San Martinek azaldu duenez, Bogaren bazkide izan nahi duten pertsonek edo enpresek 1.500 euro ordaindu beharko dituzte izena emateko eta, gero, hilean 2.500 euroko tarifa finkoa nahi duten guztietan hegan egiteko. Era berean, lau erreserba aktibo egin ahalko dituzte hilean, hegaldiak denborarekin aurreikusteko eta lekua dutela bermatzeko.
Bazkideak beste hiru pertsonarekin partekatu ahal izango du bazkide txartela, bezeroekin, langileekin, senideekin edo lagunekin.
Abenduan Madrilera joateko bi joan-etorri izatea da helburua, 19 eserlekuko hegazkin batean. Hegazkinaren tamainak, gainera, sartzeko eta ateratzeko prozesua azkartuko duela azaldu dute.
Madrilen Cuatro Vientos aireportura joango dira hegazkinak, bigarren mailako aireportuetan prozesua azkartzen delako.
Bartzelonaren kasuan, ordea, El Prat izango da aireportua, behar dituzten baldintzak betetzen dituela uste dutelako, eta 2017 erdialdean bertara hegan egiten hastea espero dute.