Ekonomia -
2015-EKO EMAITZAK
2014ko enplegu maila gainditzea lortu du Mondragon Korporazioak
2015eko emaitzak 'positiboak' izan direla esan du taldeak, enpresaren 'adierazle ia guztiak hobetu' egin direlako.
ERREDAKZIOA
2014ko enplegu maila gainditzea lortu zuen iaz Mondragon Korporazioak; 74.335 langile zituen taldeak 2015ean, aurreko ekitaldian baino 1.258 gehiago (780 barne merkatuan eta 478 atzerrian).
Hala, 2015eko emaitzak "positiboak" izan zirela esan du kooperatibak, eta "adierazle ia guztiek hobera" egin dutela nabarmendu du.
Prentsa-ohar bidez eman ditu jakitera datuok Mondragon Korporazioak. Bertan zehaztu duenez, 11.368 milioi euroko salmentak izan zituen taldeak joan den urtean (2014an baino % 2,8 gehiago), eta, orotara, 316 milioi euroko inbertsioak egin zituen.
Datuon aurrean, 2016an goranzko joerari eustea da taldearen helburua, eta aurreikuspenak onak dira. "Magnitude horiek kontuan hartuta, eta kontuan hartuta aurtengo lehen seihilekoaren portaera, badirudi 2016an goranzko joera mantendu egingo dela, dibertsifikazio maila altuagatik eta bere jarduera eremuetan berrikuntzaren alde egiteagatik", esan du korporazioak.
Industriaren alorrean, taldeko kooperatibek 5.095 milioi euroko fakturazioa izan zuten iaz, aurreko ekitaldian baino % 7,4 gehiago. Emaitza orokorrak 256,9 milioi eurokoak izan ziren (2014an baino % 32,3 gehiago).
Nazioartekotzea izan da taldearen azken urteotako apustua, eta, ildo horretan ere, emaitza onekin amaitu zuen urtea: salmenten % 71 atzerrian egin ziren. "Aurreko urtean ezarpen berriak egin ziren hainbat herrialdetan, hala nola, Mexikon, Estatu Batuak, Frantzian, Italian eta Erresuma Batuan, eta, ondorioz, dagoeneko, 128 filial produktibo daude atzerrian (aurreko urtean baino hiru gehiago). Halaber, industriaren eremuan merkatu nazionala suspertzen ari dela egiaztatu da, izan ere, bigarren urtez jarraian salmentak handitu egin dira aurreko ekitaldiarekiko (%6,4), 1.485 milioira iristeraino", gaineratu du korporazioak.
Banaketaren alorra da, oraindik, taldearen barruan enplegu gehien sortzen duena, Eroski eta Erkop taldeen bidez. Guztira 37.800 pertsonak lan egiten dute arlo horretan, eta aurreko urtean 6.273 milioi euroren salmentak izan zituzten, aurreko urtean baino apur bat gutxiago. "2015ean Eroskik hainbat desinbertsio egin zituen bere denden perimetroan, eta saneamendurako eragiketak amaitutzat jo zituen", nabarmendu du taldeak.
Etorkizuna
Itxaropentsu begiratzen dio etorkizunari Javier Sotil Korporazioko Kontseilu Orokorreko lehendakariak. Haren hitzetan, "korporazioaren multzoan enpleguaren maila handitzea lortu dugu, eta bereziki Industria arloan hazi gara".
2016ari begira, ekitaldiko lehen sei hilabeteen bilakaera kontuan hartuta, "hazkunde apal bat" espero du Sotilek, bai salmentetan eta bai enpleguan.