Ekonomia -

'Castellanako paperak'

Aristrain familiak atzerrian ezkutatu zuen bere ondasunaren zati bat

eldiario.es atariak egindako ikerketa baten arabera, Jose Maria Aristrain siderurgia alorreko enpresaburuak 'offshore' sozietate sarea sortu zuen zergak saihesteko.

Altzairu munduan familia boteretsua da Aristrain. EFE
Aristrain familiak 50 milioi euro ezkutatu zituen atzerrian

1:11

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aristrain familia, 'euskal familia handietako' bat, ageri da 'Castellanako paperak' deitu dituzten horietan. Madrilgo kale ezagun horretan egoitza duten zerga aholkulari bulegoetatik filtrala.org helbidera bidalitako milaka dokumentu oinarri hartuta, ikerketa egin dute eldiario.es, La Marea eta Diagonal hedabideek, eta Espainiako dozenaka enpresaburuk eta konpainiak ustez egindako zerga-iruzurra azalarazi dute.

Hiru atari horietan astearte honetan zabaldutako informazioaren arabera, siderurgia alorreko enpresaburuaren familiak dirutza gorde zuen atzerriko hainbat paradisutan Espainian zergak ordaintzea saiheste aldera.

Paper horien arabera, Jose Maria Aristrain Noain familiaren patriarka zenak hainbat 'offshore' sozietate sortu zituen 60ko hamarkadan Liechtensteinen. Zehazki, bi stiftung sortu zituen, eta Suitzako banketxeen bidez kudeatu zituen urte luzez. Sozietate horiei esker, dirutzaren jabearen izen-abizenak ezkutuan geratzen dira.

Hura hil zenean, 1986an, Angeles Aristrain de la Cruz alabak herentzian jaso zituen ezkutuko sozietate horiek. eldiario.es-en arabera, 2015ean ia 19 milioi euro zituen familiak Europako zerga-paradisu horretan. Guztira, baina, baliteke 50 milioi euro izatea gordeta.

2012an Espainiako Gobernuak zerga-amnistia eskaini bazuen ere, Aristrainek ez zuen dirutza legeztatu. Iazko udan, ordea, Madrilgo Bankuak egindako kontu-hartze bat tarteko, legeztatzeko izapideak abiatu zituen Angeles Aristrainek.

Enpresaburu ezagunaren beste seme bat, Jose Maria Aristrain de la Cruz, ere, susmopean du zerga-agintaritzak. 103 milioi euroko iruzurragatik ikertzen ari da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE albisteak Iruzurrak berriak Ekonomia 2024 Gaurko azken orduko albistea