Ekonomia -
Bankia Burtsara atera zenekoa
Bizkaiko Abokatuen Bazkuna, 'haserre', espedientea dela eta
Bizkaiko abokatuek nabarmendu dutenez, ez dute prozesu-kostuak "artifizialki igotzeko inongo esku-hartzerik" egin.
Agentziak | Erredakzioa
Bankia auzia dela-eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak bederatzi abokatu elkargori, tartean bizkaitarrari, zabaldutako espedienteak Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren "haserrea" eragin du.
Valentzia, Bartzelona, Avila, Errioxa, Bizkaia, Santa Cruz (Tenerifekoa), Albacete, Coruña eta Sevillako abokatuen elkargoen kontra salaketa jarri zuen Bankiak, prozesu-kostuetan gainprezioak adostu zituztelakoan. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak espedientea ireki die bederatzi elkargo horiei, eta hilabete barru emango du bere erabakiaren berri.
Bizkaiko Abokatuen Bazkunak ohar baten bidez jakinarazi duenez, oraindik ez dute espedientea irakurtzeko aukerarik izan, baina Bankiaren salaketak kontuan hartuta, ematen du bankuak "tratu berezia" eskatu duela "hainbat epaiketako prozesu-kostuak" ordaintzeak eragin dion gastua apaltze aldera.
Bizkaiko abokatuen hitzetan, "Bazkunak ez du dirurik jasotzen prozesu-kostu horietatik", eta "ez du kostuok artifizialki igotzeko inongo esku-hartzerik egin".
Kostu horiek zehazteko orduan, gainerako elkargoekin ez duela ezer ere adostu esan du Bazkunak, ez Bankia auzian "ezta beste prozesuetan ere".
"Epaitegiek ezartzen dituzte prozesu-kostuak. Epaitegientzat loteslea ez den gutxi gorabeherako txosten bat baino ez dute egiten elkargoek", azaldu du Bizkaiko Abokatuen Bazkunak oharrean.