Ekonomia -
Transordizia
Kamioi batek GNL erregaiarekin zeharkatu du Europa
Madril eta Hanburgo (Alemania) arteko ibilbidea arrakastarekin bete du ibilgailuak. Joanekoan Olaberrian (Gipuzkoa) eta Veunen (Belgikan) erregaia hartu zuen, eta itzultzeko bidaian, Anberesen.
Agentziak | Erredakzioa
GNL gasarekin Europa zeharkatu duen lehen kamioiak Madril eta Hanburgo (Alemania) arteko bidea egin du. Joanekoan, Olaberrian (Gipuzkoa) eta Veunen (Belgikan) hartu zuen erregaia, eta itzulikoan, Anberesen. Irungo Transordizia enpresako ibilgailua da.
Transordiziak agiri baten bidez azaldu duenez, kamioia astelehenean abiatu zen Madrildik, eta larunbatean itzuli zen Irungo enpresara, 16:30 aldera, asteazkenean karga Hanburgon utzi ondoren.
Irunera itzultzeko bidaia ostegunean hasi zuen, Hannoverretik gertu, Belgikan karga hartu ondoren.
Kostuen murrizketa
GNL erregaiarekin Europan nazioarteko garraioa egiteko kamioien flota izan nahi du Irungo enpresak. Europan erregai hori erabiltzen duen lehenengo konpainia izango litzateke horrela.
Gasa ez da hain kutsagarria, eta diesela baino % 40 merkeagoa da. Hala ere, erregai mota hori erabiltzen duten kamioiak garestiagoak dira, baina “guztira, kostuak % 10 murriztuko lirateke”.