Ekonomia -
BBVA-REN TXOSTENA
'Brexit'a eta egoera politikoa, ekonomiaren mehatxu nagusiak
Euskadiren hazkunde ekonomikoari sei hamarren ken diezaiokete, eta BPGa % 2 inguruan utzi.
Agentziak | Erredakzioa
'Brexit'a eta Gobernua osatzeko ziurgabetasun politikoa dira datozen bi urteotarako Espainiako eta Euskadiko hazkunde ekonomikoaren mehatxu nagusiak, BBVA bankuko azterketa ekonomikoen zerbitzuak azaldu duenez.
Espainiako egoera politikoak hiru hamarren murriztu dezake BPGaren hazkundea 2016an, % 2,4raino, Rafael Domenech BBVA Researcheko Ekonomia Garatuen ekonomialari nagusiak zehaztu duenez. 'Euskadiren Egoera' txostena aurkeztu du Bilbon.
Domenechen hitzetan, ziurgabetasun politikoak eta Erresuma Batua EBtik ateratzeko negoziazioak nola bukatuko diren ez jakiteak beste hiru hamarren ken diezaiokete hazkunde ekonomikoari 2017an. Hala, EAEko BPGa % 2 inguruan geratuko litzateke.
'Brexit'aren eragin negatiboa ez dute 2017rako hazkunde aurreikuspenetan sartu, oraingoz, % 2,5ean utzi baitute, BBVA Researcheko ekonomialari nagusiaren esanetan.
“Eragina handiagoa edo txikiagoa izango da, Erresuma Batua EBtik ateratzeko negoziazioak bideratzeko moduaren arabera”, erantsi du.