Ekonomia -

Balantzea eta aurreikuspena

2016an % 2 haztea aurreikusten du Bilboko Portuak

Urteko lehen seihilekoan kargatu edo deskargatu diren tonen kopuruak % 1,26 egin du behera, 2015eko datuekin alderatuta, baina Portu Agintzaritzak espero du ekitaldiaren itxiera positiboa izatea.

Bilboko Portua. Argazkia: eitb.eus
Bilboko Portua. Argazkia: eitb.eus
Bilboko Portuko trafikoa %1,2 jaitsi da urteko lehen seihilekoan

1:25

Erredakzioa | EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Portuak aurreikusten du % 2 haztea 2016an, nahiz eta urteko lehen seihilekoan kargatu edo deskargatu diren tonen kopuruak % 1,26 egin duen behera, 2015eko epe horretako datuekin alderatuta; nola trafikoek gora egitea aurreikusita dagoen, Portu Agintaritzak espero du ekitaldi-amaiera positiboa izatea, aipatu % 2 gutxi gorabehera.

Bilboko Portuak berak bere webgunean zehazten duenez, orain arteko jaitsieraren arrazoiak dira gas naturalak, fuel-olioak, txatarrak eta burdin-briketek agerpen txikiagoa izan dutela, ACBn jarduerarik izan ez dela eta siderurgia-produktuen trafikoak behera egin duela.

Portuaren arabera, gai jakin batzuetan hazkundea izan da, hala nola, gasolinan, petrolioaren beste produktuen taldean, petrolio gordinean, porlanean eta klinkerrean, produktu kimikoetan, ikatzean eta petrolio-kokea. Gainera, pieza handien trafikoak ere gora egin du; hain zuzen, % 21 hazi da.

Bidaiarien zirkulazioak, gora

Bidaiarien zirkulazioak % 43 egin du gora, Portuak zabaldutako datuen arabera; gurutzontzietan egondako bidaiarien kopurua % 61 igo da, eta Bilbo-Portsmouth ferryaren erabiltzaileen kopurua ere hazi da, % 29.

Negozio-zifra 32,1 milioi eurokoa izan da lehen seihilekoan, 2015eko epe horretan baino % 0,12 gorago. Portuak, 2016an, 78,1 milioi inbertituko ditu proiektu estrategikoetan, merkatua zabaldu eta trafiko berriak bereganatzeko; azken urteotako inbertsiorik altuena da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Santurtzi bideoak Bilboko Portua bideoak Ekonomia