Ekonomia -
Sustapen ministerioaren datuak
Etxebizitza merkatu egin da EAEn eta Nafarroan, bigarren hiruhilekoan
Donostiak Estatuko etxebizitza libre garestienak dituen hiria izaten jarraitzen du, eta Getxo laugarren dago zerrenda horretan bertan.
Agentziak | Erredakzioa
Etxebizitza librearen prezioa urteko bigarren hiruhilekoan merkatu egin da Euskal Autonomia Erkidegoan (% 1,7) eta Nafarroan (% 2,2) aurreko urteko aldi berarekin alderatuta.
Aitzitik, Sustapen Ministerioak jakitera eman dituen datuen arabera, Estatuan % 2,2 igo da etxebizitza librearen prezioa, eta metro koadro bakoitzeko 1.506,4 euroraino ordaintzen da. Horrek esan nahi du igoera lehenengo hiruhilekoan izandakoa baino txikiagoa izan dela, igoera % 2,4koa izan baitzen orduan.
Ministerioak adierazi duenez, datu horrek esan nahi bosgarren hilabetez jarraian egin dutela gora prezioek, 2008an hasi zen beherakadaren ostean 26 hiruhilez jaitsi ostean.
Autonomia erkidegoei dagokienez, horietako hamarrek gora egin dute apiriletik ekainera bitarteko hiruhilekoan: Balearrak (% 5,9), Madril (% 4,8), Katalunia (% 4,6), Kanariak (% 2,9), Extremadura (% 2,4), Ceuta eta Melilla (% 2,3) eta Galizia (% 1,4).
Beste erkidegoek, berriz, behera egin dute, urtebeteko datuen arabera; batez ere, Nafarroak (% 2,2), Aragoik (% 1,9), EAEk (% 1,7) eta Kantabriak (% 1,3).
Donostia eta Getxo, hiri garestienen artean
Sustapen Ministerioak 25.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietako etxebizitzen prezioa ere aztertu du. Zerrenda horren buru Donostia dago berriro, eta, ondorioz, Estatuko etxebizitza libre garestiena duen hiria da (3.132,1 euro/m), Estatuko batez bestekoaren bikoitza baino gehiago (1.506,4 euro/m).
Gipuzkoako hiriburuaren atzetik, Eivissa (2.689,8 euro/m) eta Bartzelona (2.656,5 euro/m) ageri dira, eta Getxo da zerrendan laugarrena (2.645,3 euro/m).