Ekonomia -

Espainiako Bankuaren datua

Espainiako ekonomia % 0,7 hazi da 2016ko hirugarren hiruhilekoan

Aurreko hiruhilekoetan baino gutxiago hazi da BPGa. 2016a ixterako, gobernurik ez edukitzearen 'arriskuaz' ohartarazi du erakundeak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Bankuak egindako kalkuluen arabera, ekonomia % 0,7 hazi da 2016ko hirugarren hiruhilekoan (uztailetik irailera), aurreko lau hiruhilekoetan baino "apur bat gutxiago"; hamarren bat, hain zuzen. Igoera hori familien eta enpresen gastuaren indarrak ekarri du.

Enpleguari dagokionez, "dinamismo nabarmena" eduki duela nabarmendu du finantza erakundeak. % 0,6 hazi da.

Urtea bukatzerako ekonomiak izan dezakeen hazkundeari begira baikor agertu da Espainiako Bankua. Barne Produktu Gordina (BPG) % 3,2 igoko da, Espainiako Gobernuak aurreikusitakoa baino hiru hamarren gehiago. Dena dela, ohartarazpena egin du erakundeak. Gobernurik ez egoteak eta horrek dakarren politika ekonomiko faltak eragin zuzena eduki lezakete hazkundean.

Horrez gain, 2017rako eta 2018rako aurreikuspenei eutsi die erakunde erregulatzaileak, % 2,3 eta % 2,1 haztea aurreikusi baitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia albisteak