Ekonomia -

Gipuzkoako enpresak

2016ko enplegu sorreraren aurreikuspenei eutsi die Adegik

Horrez gain, enpresen % 5,5ek bakarrik uste dute langile kopuru "gehiegizkoa" duela, inoizko daturik txikiena.

Adegiren hiru kideak, prentsaurrekoan. Argazkia: Adegi
Argazkia: Adegi
5.500 lanpostu sortuko direla adierazi du Adegik

1:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzean egindako aurreikuspenei eutsi die Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak. Hala, urtea amaitzerako, Gipuzkoako enpresek 5.500 enplegu berri sortuko dituzte, eta ekonomia % 2,8 haziko da.

Enpresaburuen artean aldiro egiten duen Gipuzkoako ekonomiaren inkestaren emaitzak aurkezteko prentsaurrekoa eskaini dute Pello Guibelalde Adegiko presidenteak, Jose Miguel Ayerza zuzendari nagusiak eta Patxi Sasigainek.

Bildutako datuen arabera, Gipuzkoako enpresen % 95ek langile kopuruari eusteko edo handitzeko asmoa dute. Horrez gain, enpresen % 90,5en ustez, merkatuaren egoera "normala edo normaltze bidean dago".

Hori horrela, Gipuzkoako ekonomiaren egoera "egonkorra eta normala" dela uste dute enpresaburuek, eta horrek "lagundu" egiten die, "nolabaiteko oparoaldia" ekarriz.

Langile kopuru egokia

Guibelaldek emandako datuen arabera, sektore pribatuan, enpresetan, ari dira Gipuzkoako langile gehienak (% 85). Hain justu, enpresaburuei duten langile kopuruaz galdetuta, gehienek (% 82,5) diote "egokia" dela, eta % 12ren ustez, "ez da nahikoa".

"Enpresen % 5,5entzat, ordea, langile larregi dituzte". Guibelaldek azpimarratu duenez, "inkesta egiten hasi ginenetik,2000. urtetik, inoizko portzentaiarik txikiena da hauxe ".

Hori horrela, enpresen % 95ek adierazi dute langile kopuruari eutsi edota behargin gehiago kontratatuko dituzte aurten. %5ek langileria gutxitzeko asmoa dute.

Enpresaburuek ekonomian duten konfiantzak gora egin du, 10 enpresatik 9k uste dutelako egoera "normala edo suspertzen hasia" dela.

Inkestan bildutako datuei erreparatuta, salmentak % 2,1 igo dira, eta eskaerak % 4.

pello guibelalde Adegi. EFE

pello guibelalde Adegi. EFE

Guibelalde, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Kezkak

Enpresaburuei kezka eragiten dieten gaiei dagokienez, langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasuna, Espainiako ekonomiaren ahultasuna, salmenten errentagarritasunaren jaitsiera eta nazioarteko ekonomiaren ahultasuna aipatu ditu Guibelladek.

Diru bilketa handitzeko Espainian eta Euskadin etorkizunean egin dezaketen zerga erreformaz galdetuta, Ayerzak esan du bilakaera positiboa izaten ari dela, baina agian bilakaera hori ez dela aurreikusi bezain positiboa.

Gainera, Sozietateen gaineko Zerga igotzea enpresen lehiakortasunarentzat kaltegarria izango litzatekeela azpimarratu du, eta enpresek enpleguaren % 85 sortzen dutela ohartarazi du. Ildo horretan, epe luzerako analisia egitearen beharra nabarmendu du enpresen jarduera sustatzeko eta, horrenbestez, enplegua sortzeko eta hazkunde ekonomikoa sustatzeko.

Bestalde, zerga armonizazioaren alde egin du eta zergak Espainiarekin eta Europarekin "homologatzea" defendatu du, enpresak "fiskalitatearen alorrean ere lehiakorrak izan daitezen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gipuzkoa Lana azken orduko albisteak Adegi bideoak Ekonomia berriak