Ekonomia -

Beasain

CAFek Beasaingo altzairutegia itxi nahi duela salatu du ELAk

Sindikatu horren arabera, CAFen helburua “kostuak merkatzea da, eta ondorioz, bertako kalitatezko enplegua suntsituko du”.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astearte honetan zabaldu duen ohar baten bidez, ELA sindikatuak “erabat arbuiatu” du Beasaingo (Gipuzkopa) altzairutegia ixteko erabakia. Horren arabera, “enpresaren estrategia kostuak merkatzea da, eta ondorioz, bertako kalitatezko enplegua suntsituko du”. Enpresako zuzendaritzak astelehenean, urriak 10, iragarri zuen lantegiaren amaiera.

ELA sindikatuaren arabera, “horrelako erabakien ondorioak” oso larriak izan ohi dira etorkizunari begira, “zuzeneko eskulanaren ordez enplegu prekarioa sortzen baita”.

“Gaur altzairutegi izan dena bihar CAFeko beste edozein sail izan daiteke, eta horrek Beasaingo lantegia deskapitalizatzea esan nahi du”, nabarmendu du sindikatu horrek. “Enpresak bere erabakia zuritzeko eman dituen datuak ez dute argitasunik ematen”, esan du ELAk. Horrenbestez, horri buruzko “dokumentazio gehiago” eskatuko duela iragarri du sindikatuak.

Azkenik, CAFen erabakiari aurre egiteko “borroka” proposatuko duela esan du ELAk. “Sindikatuok eta langileok elkar hartuz gero egoerari buelta eman ahal izango diogu; hala gertatu izan da enplegua arriskuan zegoen beste une batzuetan ere”, azpimarratu du sindikatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Ekonomia albisteak Beasain albisteak Albisteak