Ekonomia -
Barne Produktu Gordina
Estatu espainiarreko ekonomia % 0,7 hazi da hirugarren hiruhilekoan
Barne Produktu Gordinaren urte arteko tasa % 3,2an kokatu da urteko hirugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino bi hamarren beherago.
Agentziak | Erredakzioa
Estatu espainiarreko ekonomia % 0,7 hazi da hirugarren hiruhilekoan, Espainiako Bankuak eta beste zenbait organok espero zuten bezala. Hala argitaratu du gaur Estatistikako Institutu Nazionalak.
Aipatu hazkundea aurreko hiru hiruhilekoetan (2015eko laugarrenean eta 2016ko lehenengoan eta bigarrenean) izan zena baino hamarren bat txikiagoa da, eta 2015eko hirugarren hiruhilekoan izandakoa baino bi hamarren baxuagoa.
Halaber, Barne Produktu Gordinak (BPG) 2016ko hirugarren hiruhilekoan izandako igoera 2015ean apirila eta ekaina bitartean izandakoa baino hiru hamarren txikiagoa da, % 1eko hazkundea izan baitzen orduan. Orduan izan zuen Espainiako ekonomiak susperraldiari heldu zionetik izan duen aurrerapen handiena.
Barne Produktu Gordinaren urte arteko tasa, berriz, % 3,2an kokatu da urteko hirugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 2 hamarren gutxiago.
Uztaila eta iraila artean izandako gorakadarekin, dagoeneko hamabi hiruhilekotan jarraian egin du gora Barne Produktu Gordinak.
Estatistikako Institutu Nazionalak ostiral honetan aurreratu dituen datuak behin-behinekoak dira, azaroaren 24an ezagutuko baitira behin betikoak