Ekonomia -
Merkataritza ituna
EBk eta Kanadak sinadura jarri diote CETA merkataritza itunari
Hamasei pertsona atxilotu dituzte CETAren aurkako elkarretaratzean, Bruselan.
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasunak eta Kanadak igande honetan sinatu dute CETA merkataritza ituna, Bruselan, Valoniak jarritako blokeoa gaindituta. Babes gehigarriak eskatuta altxatu du betoa Belgikako eskualdeak.
Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak azpimarratu duenez, "Europar Batasunak inoiz negoziatutako akordiorik aurrerakoiena da, onena". Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak, berriz, CETAk "estandar berria" ezartzen duela adierazi du, eta hurrengo itunek CETA abiapuntutzat hartzea espero duela gaineratu du.
Goi-bilera 12:30etan izan da, aurreikusitako baino bi ordu beranduago, Kanadako lehen ministro Justin Trudeauren hegazkina atzeratu delako.
Europako Kontseiluaren presidente Donald Tuskek eta Trudeauk merkataritza itunaren sinatzeko goi-bilera atzeratzea adostu zuten, ostegunetik igandera. Europako Batzordeak Valoniarekin negozioatutako kontzesioen ostean, Belgikak oniritzia eman zion ostiralean.
Jean-Claude Juncker, Batzordeko presidentea, CETA sinatzeko goi-bileran egon da.
Valoniak lortutako argibideen dokumentuak ez du EBren eta Kanadaren arteko hitzarmenaren testua aldatuko. Belgikako eskualdea konbentzitzeko gakoen artean dago Europako Justizia Auzitegira jotzeko aukera arbitraje-epaimahaiaren erabaki bat EBko legediaren aurka badoa. Arbitraje-epaimahaiek enpresen eta estatuen arteko auzien inguruan ebatziko dute.
Belgikak aktibatu ahal izango duen babes klausula bat ere aurreikusi da, nekazaritza-merkatuetako desoreken aurrean, eta CETAk transgenikoen salmentan, laborantzan eta etiketatzean eraginik izango ez duenaren garantiak.
Protestak sinatzearen aurka
Hamasei pertsona atxilotu dituzte Bruselan, goi-bileraren segurtasun perimetroa igarotzeagatik eta Europako Kontseiluaren egoitzaren kontra margo gorria botatzeagatik.
Bruselako Poliziaren bozeramaile baten arabera, ekintzaile talde bate "segurtasun eremuan sartu da" eta instalazioen zati bat "hondatu" du.
250 bat pertsona elkartu dira CETAren kontra. EBren eta Estatu Batuen arteko hitzarmenaren 'Troiako zaldia' dela uste dute.
CETAren aurkako protesta Bruselan. Argazkia: EFE.
Valoniako Parlamentuaren baiezkoa
Azkenean, Valoniako Parlamentuak CETA akordioa sinatzearen alde bozkatu du, erantsitako adierazpenetan behar adina berme lortu ostean.
3,5 milioi biztanleko lurraldea da Valonia, baina bertako Parlamentuak zalantzan jarri du CETA akordioaren sinadura. Azken orduan, ordea, bertako Parlamentuak baiezkoa eman dio akordioari, aldeko 58 botorekin eta ezezko 5 botorekin.
"Tratatu hobea daukagu. Ez da perfektua, baina hobea da. Zuzendutako eta hobetutako CETA akordio bat da'', defendatu Paul Magnette Valoniako presidenteak. Hala ere, azpimarratu du akordioak Kanadaren alde egiten duela ''hamar aldiz''. "Ez dugu inoiz onartuko arbitratze pribaturako mekanismoak jasotzen dituen akordiorik. Benetako jurisdikzio martxan jartzea baldintza da gure baiezkoa lortzeko’’, azaldu du. Horrez gain, gogoratu du Belgikak EBko Justizia Auzitegiaren iritzia eskatuko duela arbitraje auzitegiaren inguruan.
Hain zuzen ere, ostegunean onartu zuten Europar Batasuneko gainerako kideek Belgikako Gobernuak aurkeztutako proposamen hori, Valoniak CETAri baiezkoa eman ziezaion