Ekonomia -
Nafarroa
Hezkuntzako LEPeko irakasleek 'bidezko' irtenbidea eskatu dute
Auzian nahasita dauden alderdiei ados jar daitezela eskatu diete, eta euren lanpostuak eta hezkuntza publikoaren egonkortasuna bermatuko duten neurriak har ditzatela.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoko (LEP) euskarazko 100 lanpostuak bertan behera utzi dituen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiarengatik kaltetutako irakasleek arazoari konponbide "egokia eta bidezkoa" eman diezaiotela eskatu diete auzian nahasita dauden alderdiei.
Ohar bat plazaratu dute, eta, bertan diotenez, "ehun ez da zenbaki huts bat"; izan ere, kopuru horren atzean "amesgaizto" bat bizitzen ari diren "pertsonak, familiak, hainbat istorio eta sentimendu ugari" daudela adierazi dute.
Zentzu horretan, Lan Eskaintza Publiko horren inguruan hasieratik bukaerara arte bizi izan duten ziurgabetasuna nabarmendu dute (lehendabizi plaza kopuruen eta daten gainean zalantzak izan zituzten, eta orain deialdia bertan behera uzten duen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia etorri da, AFAPNA sindikatuak jarritako errekurtsoaren ondoren).
AFAPNA sindikatuak iragarri du ez duela epaia betetzea eskatuko, Nafarroako Gobernuak, aldiz, helegitea jarriko du.
Testuinguru horretan, kaltetuek euren lanarekiko eta esfortzuarekiko "errespetua" eskatu dute, inork ez dielako "ezer oparitu" eta lanpostua "euren ahaleginez" lortu dutelako.
Epaiarekin ados ez daudela adierazi ostean, euren buruei galdera batzuk egin dizkiete: "Zergatik gara eztabaida politikoen truke-txanpona?", "Zergatik eraman gaitu AFAPNA sindikatuak, langileen eskubideen alde dagoenak, mota honetako egoera batera?".