Ekonomia -
Behar sozialen alde
Politika murriztaileen kontra mobilizazioak egingo dituzte sindikatuek
ELAk eta LABek behar sozialak agendaren erdira ekartzea eskatuko dute. Bestalde, CCOO eta UGT sindikatuek kalitatezko enpleguak eta soldata duinak aldarrikatuko dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
ELA eta LAB sindikatuak kalera irtengo dira Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari aurrekontu- eta zerga-politikak aldatzera behartzeko. Ildo horretatik, azken urteetako politikak alde batera uztea eta behar sozialak agendaren erdira ekartzea eskatu diete. Alabaina, Euskadin eta Nafarroan ez dagoela politika horiek aldatzeko borondaterik gaitzetsi dute.
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak ziurtatu duenez, EAJk eta PSE-EEk sinatu berri duten Gobernu akordioak eta Nafarroako Gobernuaren 2017ko aurrekontu-proiektuak (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren artean adostuta) esan nahi dute “orain arteko zerga- eta aurrekontu-politikari eutsiko diotela”. Ildo horretatik, bi gobernuen aurrekontuak “murriztaileak” izango direla eta ez dutela desberdintasun soziala murrizten lagunduko adierazi du. “Osasun eta Hezkuntzako gastua handituko bada ere, ez da beharrizan sozialak asetzeko nahikoa”, esan du.
Era berean, aurreko gobernuen politikei jarraipena emango dietela kritikatu du. Horrenbestez, ELAk galdegin du aurrekontu- eta zerga-politikak “gehiengo sozialaren mesedetan egin daitezela”.
Beste alde batetik, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak ziurtatu du EAE eta Madrilen osatu berri diren gobernuek azken urteetako politikak aldarrikatzen dituztela, lehentasun gisa “egonkortasuna” jarri baitute. Gainera, helburu hori aurrera eramateko “ustezko ezkerra” lagun izan dutela gaineratu du.
Hala, bi gobernuek aurrera eraman nahi dituzten proiektuek langileen murrizketak areagotuko dituela esan du Etxaidek. Arrazoi horregatik, mobilizazioa ezinbestekoa dela nabarmendu du. Hala proiektu ekonomiko horien kontra jende asko kalera irtengo dela iragarri du.
Bestalde, CCOO eta UGT sindikatuek abenduaren 15erako deitu duten mobilizazioan kalitatezko enplegua, soldata duinak eta desberdintasunaren aurka gutxieneko prestazioa aldarrikatuko dute. Hala, langileek galdutako eskubideak berreskuratzeko eta merkatuaren egoera konpontzeko protesta egingo dute.
Raul Arza UGT sindikatuko idazkari nagusiak adierazi du lan erreformaren ondorioz aldi baterako kontratazioak nabari igo direla Euskadin (sinatutako kontratu guztien % 93 aldi baterakoak dira). Halaber, langabetuen % 40ak lana modu aktiboan bilatzen bi urte daramatzala azaldu du. Era berean, % 62k ez duela diru-laguntzarik jasotzen ziurtatu du.
Unai Solo CCOO sindikatuko idazkari nagusiak jakinarazi du mobilizazio horren bidez aldaketa sakonak exijitu nahi dituztela politika sozialei eta ekonomikoei dagokienez. Aldaketa horiek egin ezean, prekarietate soziala nagusi izaten jarraituko dela azaldu du.
Bere esanetan, PPk krisiaren aitzakia erabilita hartutako erabakiak bertan behera uzteko edo horiek moldatzeko prest agertu beharko litzatekeela esan du. Halaber, Eusko Jaurlaritza prekarietatearen kontra lanean jarri behar dela gaineratu du.