Ekonomia -
Asteazken arratsaldean
Oñatin gertatutako garraiolari baten heriotza salatu dute sindikatuek
Garraiolariek 'gero eta baldintza prekarioagoak' dituztela salatu dute sindikatuek, eta elkarretaratzea egingo dute asteartean, Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzaren aurrean.
Agentziak | Erredakzioa
ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta HIRU sindikatuek garraiolari baten heriotza salatu dute ostiral honetan. Gidaria Oñatin aparkatuta zegoen bere kamioi barruan aurkitu zuten atzo arratsaldeko 16:20an.
Ordu horretan herriko bizilagun batek hilotza aurkitu, eta Ertzaintzari abisua eman zion. Segurtasun sailak jakitera eman duenaren arabera, heriotza arrazoi naturalegatik gertatu zen.
Garraiolaria gipuzkoarra, autonomoa eta HIRU sindikatuko kidea zen, bertako iturriek zabaldu dutenez.
Garraiolariek "gero eta baldintza prekarioagoak" dituztela salatu dute sindikatuek ohar baten bidez. Gaineratu dutenez, “gehienak autonomoak dira eta ez dute babes sozial egokirik lan-istripuen eta gaixotasun profesionalen alorrean”.
Horrez gain, garraiolari autonomoek pairatzen dituzten lan-istripuak estatistika ofizialetan jasotzen ez direla deitoratu dute.
Euren aburuz, gidariek "ordutegi estu, gehiegizko pisua duten zamak, zerbitzuen prezio txikiak, jardunaldi luzeak eta duintasunez atseden hartzeko gabezia jasaten dute".
Horrenbestez, datorren asteartean, urtarrilaren 10ean, elkarretaratzea egingo dute Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzaren aurrean, 11:30ean.