Ekonomia -

Polemika

Jaurlaritza: 'Ez da murrizketa oinarrizko errenta % 8an ez igotzea'

Enplegu sailburuak babestu egin du Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta KPIaren arabera igotzeko (% 1,5) eta, beraz, gutxieneko soldatatik (% 8) bereizteko proposamena.

% 1,5eko igoeraren defentsa sutsua egin du Artolazabal sailburuak

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritza Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) lanbide arteko gutxieneko soldatatik bereiztea eta laguntza sozial horren igoera Kontsumorako Prezioaren Indizearen (KPI) arabera egitea aztertzen ari da. Proposamen horrek hautsak harrotu ditu, oinarrizko errentaren igoera % 1,5ekoa izatea ekarriko duelako 2017an, % 8koa beharrean.

Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politika sailburuak aukera hori babestu du, "erreala eta arduratsua delako eta sistemaren jasangarritasun bermatuko duelako".

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta lanbide arteko gutxieneko soldatari lotuta dago, baina Jaurlaritzak 2017ko Aurrekontu Legean aldaketa bat egin du, laguntza horren igoera KPIaren arabera egin ahal izateko.

Horrenbestez, DSBEren hazkundea ez da % 8koa izango, % 1,5ekoa baizik. Nolanahi ere, Jaurlaritzak dio ez dela inolaz ere murrizketa bat, 64.000 pertsonen erosteko ahalmena bermatuta egongo delako.

Beatriz Artolazabalek azaldu duenez, aldaketa honek bi helburu ditu: batetik, oinarrizko errenta behar duten pertsonen "bizi-baldintza duinak" bermatzea, eta bestetik, lana topatzeko aukera lehenestea, "dagoeneko beharrean daudenekin ezberdintasunak sortzea saihestuta, diru-laguntza handiegia delako".

Artolazabalen arabera, helburu horiek betetzeko ezinbestekoa da Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren igoera KPIaren arabera egitea.

Amaitzeko, Enplegu sailburuak gogoratu du Eusko Jaurlaritzak bost hilabeteko epea duela aipatu proposamena Legebiltzarrean aurkezteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Euskal Herrian Eusko Jaurlaritza Ekonomia berriak Gaurko azken orduko albistea