Ekonomia -
2016ko balantzea
Bidaiarien kopuruak gora egin du euskal aireportuetan
Hazkunde handiena Forondak izan du (% 228), baina Bilbokoak izan du bidaiari gehien: 4,5 milioi erabiltzaile.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko aireportuetan, denetan egin du gora bidaiarien kopuruak 2016an. Halaber, merkantzien garraioa ere hazi egin da Forondan.
AENAk emandako datuen arabera, bidaiari kopuruaren hazkunderik handiena Forondan izan da (% 228), baina Bilbokoak garraiatu ditu gehien: 4,5 milioi bidaiari.
2015eko datuekin alderatuta, % 7,3 hazi da bidaiarien kopurua. Hazkundea Estatu barruko hegaldietan (2.582.830 erabiltzaile, iaz baino % 4,8 gehiago) zein nazioartekoetan (1.987.568 bidaiari, % 11,2 gehiago) izan da.
Zenbaki apalagoak –264.422 bidaiari– izan arren, Donostiako Aireportuak ere urte ona izan du. Erabiltzaileen kopurua % 3,7 hazi da, 2015eko datuekin alderatuta.
Operazio kopuruarik dagokionez ere, % 2,1 egin du gora Hondarribiko aireportuak.
153.476 bidaiarik erabili zuten iaz Iruñeko Aireportua, 2015ean baino % 3,3 gehiago. Operazio kopuruak, baina, behera egin du % 5,8.
Merkantzien garraioa
Merkantzia garraioari dagokionez, Foronda da Hego Euskal Herriko erreferentziazko aireportua, eta honek ere zenbaki politekin itxi du 2016a. Guztira, 52.134 tona garraiatu dituzte (2015ean baino % 12,4 gehiago), baina operazio kopuruak behera egin du (% 2,2).
Bidaiari kopuruari dagokionez, berriz, hazkundea izan du Gasteizko Aireportuak: 36.716 bidaiari izan ditu, 2015ean baino % 228,3 gehiago.
Aldez aurretik programatutako hegaldiak salbu, Foronda gauez bakarrik –12 orduz– zabaltzen dute Forondako aireportua. Abenduan, baina, akordioa lortu zuten langileek eta Aenak, eta egunean 16 orduz egongo da zabalik martxoaren 1etik aurrera.