Ekonomia -
Ikerketa
Aholkularitza-enpresa batzuen portaera ikertu du Lehiaren Agintaritzak
Kontratazio publikoan lehia ezabatu dutela frogatuko balitz, enpresa arau-hausleen irabazien % 10era arteko isunak ekar ditzake.
Agentziak | Erredakzioa
Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) miaketak egin ditu euskal administrazioei aholkularitza-zerbitzuak ematen dizkieten enpresa batzuen egoitzetan, enpresek aurkezten dituzten eskaintzak euren mesedetan aldatu dituzten argitzeko, interes orokorrari kalte eginez
LEAren arabera, merkatua banatzeko lehiatzaileen arteko akordioak lehiaren defentsari buruzko araudiaren arau-hauste oso larriak dira. Ondorioz, jokabide horrek enpresa arau-hausleen negozioaren % 10era arteko isunak ekar ditzakeela ziurtatu du.
Hala, Eusko Jaurlaritzaren, aldundien eta ikertutako enpresen arteko kontratu guztiak aztertu behar dituzte orain, aholkularitza-zerbitzuak ematen dituzten enpresek iruzurrik egin duten argitzeko.
LEAk azaldu duenez, legez kontra informazioa trukatu duten eta kontratu publikoetan banaketa-akordiorik sinatu duten argitzea da ikerketa horren helburu nagusia. Halaber, aurkeztutako eskaintza-aldaketei buruzko frogak bilatu dituzte miaketa horietan. Ildo horretatik, kontratazio publikoan lehia ezabatzeak kalitate-murrizketak eta kontratatutako zerbitzuen prezio-igoera dakartzala ziurtatu du LEAk. Gainera, jarrera horrekin herritarrei kalte egiten dietela gaineratu dute.
Egoitza horien miaketak LEAko eta Kataluniako Lehiaren Agintaritzako funtzionarioek egin dituzte, informatikako adituen eta Ertzaintzaren laguntzarekin. Lehiaren Euskal Agintaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, miaketak urtarrilaren 11n hasi eta atzo, osteguna, amaitu ziren.