Ekonomia -
Espainiako Gobernua
Gas konpainia handiak gas gehiago eskaintzera behartu dituzte
Espainiako Energia ministroak gas merkatuan lehiakortasuna bultzatzeko eta, ondorioz, elektrizitatearen prezioa merkatzeko neurriak iragarri ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuak gasaren merkatuan eskaintza zehatza egitera behartuko ditu gas konpainia handiak, prezio lehiakorragoak lortu eta elektrizitatearen prezioa jaistea helburu, Alvaro Nadal Espainiako Energia ministroak gaur iragarri duenez.
Erabaki hori aplikatu ahal izateko eta konpainien salmenta baldintzak finkatzeko metodologia bat egiteko eskatu dio Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren Ministerioak Balore Merkatuaren Batzordeari.
Ekonomia Gaietarako Espainiako Gobernuak duen batzordeak gaur onartutako neurri horien helburua gas naturalaren prezioa jaistea da. Nadalen esanetan, gasaren prezioak elektrizitatearen handizkako merkatuan eragiten du eta, une honetan haize eta ur eskasia dagoenez, ziklo konbinatuko zentralek ezartzen dute argindarraren prezioa eta horiek gasa erabiltzen dute erregai gisa.
Beraz, gasaren prezioa merkatuz gero elektrizitatearen kostua jaitsi egingo da eta horrekin batera baita argindarraren prezioa ere.