Ekonomia -

Deialdia

Bigarren Hezkuntzako LEPa 2018ko udara atzeratu dute Nafarroan

Barkosen Gobernuak 2017an egin nahi zituen oposaketak, baina Espainiako Gobernuaren "definizio eza" ikusita, deialdia atzeratzea erabaki du.

Jose Luis Mendoza Nafarroako Hezkuntza kontseilaria, artxiboko irudi batean. EFE
Jose Luis Mendoza
Jose Luis Mendoza Nafarroako Hezkuntza kontseilaria, artxiboko irudi batean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Derrigorrezko Hezkuntza Publikoan irakasle aritzeko lan eskaintza publikoa (LEP) 2018ko udan egingo dute azkenean. Lauko Gobernuak 2017an egin nahi zuen LEPa, baina Espainiako Gobernuaren Ogasun eta Hezkuntza Ministerioen "definizio eza" dela eta, deialdia atzeratzea erabaki du.

Jose Luis Mendoza Nafarroako Hezkuntza kontseilariak azaldu duenez, Ogasun Ministerioak baieztatu behar du berritze-tasa, eta aurreikusi dutenez, ez da ziurra hori aurten egitea. Hala, "ziurgabetasun" horren aurrean, zuhurtziaz jokatu nahi izan du Hezkuntza Kontseilaritzak deialdia atzeratuta.

Ikuskizun dago zenbat plaza aterako dituzten, berritze-tasaren araberakoa izango baita. Dena dela, Kontseilaritzaren aurreneko asmoa 247 postu ateratzea da: 162 gaztelerazkoak, eta 85, euskaraz.

Espainiako Gobernuaren jarrerarekin kritiko

Nekane Oroz Nafarroako Unibertsitate eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia alboan duela eskaini du prentsaurrekoa Mendozak. Kontseilariak azaldu duenez, LEParen plaza kopurua zehazte aldera izapide eta eskari ugari egin ditu Nafarroak, eta prozesu "luze eta polemiko" horren ostean, Espainiako Gobernuak behin betiko erantzunik eman ez diela salatu du.

Hezkuntzako Konferentziaren pertsonal batzordearen azken batzarrean, otsailaren 8an, izan zuten bi aldeek azken hartu-emana. Hezkuntza Ministerioko ordezkariek iradoki zietenez, "litekeena zen Aurrekontuak 2017ko udara arte ez onartzea, eta berritze-tasa zehaztuko lukeen dekreturik edo bestelako bitarteko juridikorik egiteko asmorik ez zuten agertu".

Hala, "definizio falta" horren aurrean, eta prozesuaren berme juridikoa kolokan egonda, deialdia atzeratzea erabaki du Hezkuntza Kontseilaritzak.

"Gobernu honentzat berebiziko garrantzia dute balizko oposiziogileek, ez dugu LEPa deituko lanpostu kopurua errekurrituko ez dutela ziurtatuta eduki gabe", esan du Nekane Orozek. Bere hitzetan, oposizio batzuk prestatzeak ahalegin ekonomiko, pertsonal eta familiarra dakar, eta horri garrantzi handia ematen dio gobernuak.

Orozek salatu duenez, "Espainiako Gobernuaren jarrera oso txarra izan da gai honetan, oposiziogileen eta euren eskubideen aurrean axolagabeki jardun duelako".

Atzeratzeak badu alde onik

LEPa 2018ra atzeratzeak alde positiborik baduela uste dute, ordea, Nafarroako Hezkuntza arduradunek. Gainerako erkidegoek ere 2018an egingo dituzte oposaketak, eta, hala, erkidego horietako oposiziogile gutxiago izango da Nafarroan.

Horrez gain, berritze-tasa pilatuta, eta Bigarren Hezkuntzako lanpostuak Lehen Hezkuntzakoekin batera eskainiko dituzte. Horrek sindikatuekin adostutako LEP bati ateak zabaltzen dizkio, Orozen hitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan Gizartea bideoak Ekonomia 2024 Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua