Ekonomia -
Bilbon
Prezioen igoera salatzeko manifestazioa gaur, CCOOk eta UGTk deituta
PPren lan erreformak bost urte bete ditu, eta bi sindikatuek Espainiako Gobernuak arlo horretan egindako politikak salatu nahi dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
CCOO eta UGT sindikatuek deituta, manifestazioa egingo dute gaur eguerdian Bilbon, prezioen igoera salatzeaz gain, soldatak eta pentsioak igo daitezen aldarrikatzeko.
Hala, bi sindikatuek mobilizazio-kanpaina abiatu dute igande honetan: manifestazioak, kontzentrazioak eta ekitaldi sindikalak antolatu dituzte estatu espainiarreko 40 hiri baino gehiagotan.
Unai Sordo CCOO-Euskadiren idazkari nagusiak salatu duenez, soldatek % 1,1 egin dute gora batazbeste azken hilabeteotan; prezioak, berriz, askoz ere gehiago igo dira. Beraz, Sordok azaldu du herritarren erosteko ahalmena izugarri kaltetu dela, baita prekarietatea areagotu ere.
Hori dela eta, lan erreforma indargabetzea eskatu dute. Rajoyren Gobernuaren jarrera aldatzen ez bada, mobilizatzen jarraituko dutela berretsi dute.
Ez dute greba orokorra egiteko aukera baztertu
Greba orokorra egiteko aukerari dagokionez, CCOO eta UGT sindikatuek ez dute inolako aukerarik baztertu. Orain arte deitutako mobilizazioek Espainiako Gobernuaren eta enpresarien erantzun ona eragitea espero duten arren, "egoera aldatu ahal izateko mobilizazio-agertoki gehiago" diseinatuko dituztela aurreratu dute.