Ekonomia -
45.300 milioi munduan
Europak 4.200 milioi galdu zituen 2015ean smartphone faltsuengatik
Espainian, gailu faltsuengatik izandako galerak 286 milioi eurokoak izan ziren urte horretan, hain zuzen, sektoreko salmenten % 10.
agentziak | erredakzioa
Telefono adimendunak ekoizten dituzten enpresek salmenta guztien % 8,3 galdu zuten Europan, gailu faltsuen merkatuaren eraginez.
Hori izan da, hain zuzen, EBko Ondasun Intelektualaren Bulegoak (Alacanten), Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunarekin batera, ezagutzera eman duen ondorioa, eta munduan 45.300 milioi euro (salmenten % 12,9) galdu dituztela salatu dute.
Espainian, gailu faltsuengatik izandako galerak 286 milioi eurokoak izan ziren urte horretan, hain zuzen, sektoreko salmenten % 10.
2015ean 1.300 milioi smartphone saldu zituzten munduan, beste modu batera esanda, munduko sei biztanleetatik batek telefonoa erosi zuen, batez beste, 275 euro ordainduta.
Txostenean, EFEren arabera, mundu osoko 90 herrialdetan saldutako telefono adimenduen kopurua aztertu dute, kontsumitzaileek saltokietan egindako erosketetatik abiatuta. Zehaztu dutenez, horietatik 184 milioi telefono faltsuak ziren (45.3000 milioi euroko balioarekin).
Europan, EBko hiru hiritarretik batek telefono bat erosi zuen, hots, 150 milioi unitate; horietatik, 14 milioi faltsuak ziren (% 8,3; 4.200 milioi euro).
Munduko beste leku batzuetan jasotako emaitzak are okerragoak izan dira, gailu faltsuek % 21,3rainoko galerak sortzea eragin baitute Afrikan, % 19,6 Latinoamerikan, % 17,4 herrialde arabiarretan, % 15,6 Txinan, % 11,8 Asia eta Pazifikoan eta % 7,6 Ipar Amerikan.