Ekonomia -

EAE-ko Ekonomia

2017rako aurreikuspen ekonomikoa hobetuko du Jaurlaritzak

Barne Produktu Gordina %2,5 inguru haziko dela uste du Pedro Azpiazu sailburuak, esperotakoa baino bi hamarren gehiago.

Pedro Azpiazu, Legebiltzarrean egin duen agerraldian. EFE
Pedro Azpiazu Ogasun sailburua. EFE
Pedro Azpiazu, Legebiltzarrean egin duen agerraldian. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Esperotakoa baina gehiago haziko da aurten euskal ekonomia, eta hala, egindako aurreikuspenak hobetuko dituela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Aurretik egindako kalkuluen arabera, 2017an % 2,3 hazi behar zen Barne Produktu Gordina (BPG), baina azken egunotan ezagututako adierazle ekonomikoei erreparatuta, aurreikuspenok hobetzeko moduan daudela adierazi du Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak: % 2,5 ingurura, hain justu.

Eusko Legebiltzarreko Aurrekontuen Batzordea egin duen agerraldian, haren sailak aurtengorako duen aurrekontu proiektua aurkeztu du eta aldi berean Barne Produktu Gordinaren aurreikuspenari buruzko informazioa eguneratu du.

Aurreko astean Eusko Jaurlaritzak onartutako aurrekontu proiektuan aurreikusten denez, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia % 2,3 haziko da aurten. Sailburuaren esanetan, ordea, azken egunotan ezagututako adierazle ekonomikoek estimazioak "igotzea" ahalbideratu dute.

Igoerari buruzko datu zehatzik eman ez badu ere, % 2,5 ingurukoa izan daitekeela adierazi du. Aurreikuspenen arabera, Espainiako ekonomia ere % 2,5 haziko da aurten.

Azpiazuk azaldu duenez, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak aurreko astean argitaratutako datuetan oinarritu dira ekonomiaren hazkunde aurreikuspena hobetzeko. Eustaten zabaldutako datuen arabera, euskal ekonomia % 3,1 hazi zen 2016an, aurreko urtea baino bi hamarren gehiago. Halaber, 2016ko laugarren hiruhilekoan hazkundea % 2,9koa izan zen aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta.

Zerga erreforma

Bestalde, Azpiazu sailburuak talde parlamentarioen galderei erantzun die, eta atzo Urkullu lehendakariak hizpide izan zuen balizko zerga erreforma aipatu du.

Sailburuak azpimarratu duenez, hiru Diputazioek eta Eusko Jaurlaritzak 2013an onartutako zerga erreformari buruzko azterketa bat egiteko konpromisoa hartu dute eta hori egindakoan helduko diote balizko erreformari. Hori dela eta, eztabaida "lasaitasunez" egitea eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak EAE Ekonomia albisteak Eguneko albisteak