Ekonomia -
Soldataren % 70arekin
Espainiako Gobernuak aurretiko erretiroa eskaini die zamaketariei
Ohiko erretiroa (zamaketarien kasuan 55 urte) hartzeko 60 hilabete edo gutxiago gelditzen zaien zamaketariek hartu ahal izango dute aukera hori.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuak soldataren % 70arekin aurretiko erretiroa eskaini die zamaketariei gaur, sektorearen erreformaren lege dekretuaren tramite parlamentarioaren bezperan, Sustapen ministroak, Iñigo de la Sernak, adierazi duenez.
Baja hartu aurreko 6 hilabeteetako kontzeptu guztien batez bestekoaren soldataren % 70a izango da diru-laguntza. Ohiko erretiroa (zamaketarien kasuan 55 urte) hartzeko 60 hilabete edo gutxiago gelditzen zaien zamaketariek hartu ahal izango dute aukera hori.
Sektoreko aholkulari juridikoek eta Anesco patroiaren arteko bilera "teknikoan" izan da De la Serna, "hiruko" akordioaren proposamena eramateko, lanpostuen mantentzerako eta zamaketarien produktibitatea hobetzeko.
De la Sernak komunikabideei azaldu dien arabera, lanpostuen % 100 mantentzea bermatzen du akordioak, eta gainontzeko talde politikoei beste dei bat egin die, "Estatuko ikuspuntua eta Espainiako Erreinuaren defentsarako errespontsabilitate politikoa izateko".
Espainiako Gobernuak eman nahi dituen diru-laguntzak sektorearen birmoldaketaren prozesuetan "maximoak" direla azpimarratu du, baina ez du zenbatekoa zehaztu.