Ekonomia -
740 plaa daude
6.122 pertsonak eman dute izena Hezkuntzako LEPan
Lehendabiziko proba ekainaren 17an izango da Bilbao Exhibition Center (BEC) aretoan.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadiko maisu-maistren kidegoan sartzeko hautaketa-prozesuan izena eman dutenek kontsultatu dezakete dagoeneko euren egoera zein den, Hezkuntza Sailaren webgunean, erabiltzaile izena eta pasahitza erabiliz sartuta. Izan ere, argitaratua baita dagoeneko Lan Eskaintza Publikoan onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda,
Orotara 6.122 pertsonak eman dute izena 2017ko Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoan eskaintzen diren 740 plazetako bat eskuratzeko asmoz. Prozesuko lehendabiziko proba ekainaren 17an egingo da Bilbao Exhibition Center (BEC) aretoan, Barakaldon.
Cristina Uriartek zuzentzen duen sailak gaur jakitera eman duenez, dagoeneko itxita dago Euskadiko maisu-maistren kidegoan sartzeko hautaketa-prozesuan izena emateko epea. Gainera, ikusteko moduan dago onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda Hezkuntza Sailaren webgunean.
Behin betiko zerrenda apirilaren 27an argitaratuko da, Hezkuntza sailak ohar bidez aditzera emandakoaren arabera. Ohar oharretan bertan jakinarazten da onarturiko maisu-maistrek maiatzaren 2tik 12ra bitarteko epea izango dutela programazio didaktikoa aurkezteko. Ondoren, hil horretan bertan, Hezkuntza sailak beste epe bat irekiko du merezimenduen ziurtagiriak aurkez ditzaten.
Bestetik, eskatzen den hizkuntza-eskakizuna oraindik ez duten izangaiak, perfil hori egiaztatzeko probatara aurkeztu ahal izango dira, deialdi irekian, baldin eta EPEan izena ematerakoan hala eskatu badute.
Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko atariko proba apirilaren 1ean izango da; handik astebetera idatzizkoa, eta ondoren ahozko proba, maiatzeko lehen hamabostaldian. Oposizio-aldiko lehen proba ekainaren 17an burutuko da, Bilbao Exhibition Centren.
Lehen probaren zati biak gainditzen dituztenek bigarren proba egin ahal izango dute.
Bigarren proba horretan, programazio didaktikoa aurkeztu eta defendatu beharko dute hautagaiek epaimahaiaren aurrean ahoz (aurrez, maiatzean, entregatu behar izan duten programazio didaktikoa), eta unitate didaktiko bat aurkeztu beharko dute ondoren.
Eskainiko diren plazak honela daude banatuta: 227 Haur Hezkuntzan, 252 Lehen Hezkuntzan, 57 Ingelesean, 37 Gorputz Hezkuntzan, 36 Musikan, 105 Hezkuntza Berezia Pedagogia Terapeutikoan eta 26 Hezkuntza Berezia Entzumena eta Hizkuntzan.