Ekonomia -

Hipotekak

Gorenak ez ditu zoru klausulen sententzia irmoak berrikusiko

Hala, Europar Justizia Auzitegiak epaia eman aurretik behin betiko balioa duen ebazpen judiziala eman bazen, kaltetuak ezin izango du kobratutako gainkostu guztia jaso.

Gorenak ez ditu zoru klausulen sententzia irmoak berrikusiko

1:01

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2016ko abenduaren 21ean Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) zoru klausulen bidez kobratutako gehiegizko diru guztia itzultzea agindu zuen kaltetuei. Zehazki, hipoteka sinatu zenetik gaur arteraino kobratutako gainkostua bueltatzea exijitu zuen. Alabaina, Europako Auzitegiak epai hori eman aurretik zoru klausulen inguruan emandako behin betiko epaien kasuak ez dituela berrikusiko esan du Auzitegi Goreneko Arlo Zibileko Salak asteazken honetan.

Europako Auzitegiaren ebazpen judizialaren aurretik epaitegietan salaketa jarri zuten kaltetuei soilik 2013ko maiatzaren 9tik kobratutako gainkostua itzuli zieten. Izan ere, Europako Auzitegiak gehiegizko dirua urte horretatik aurrera kobratu zietela esan zuen 2016an emandako epai hartan. Hala, asteazken honetan Auzitegi Gorenak emandako epaiak ez du inolako aldaketarik aurreikusten.

Zehazki, 2016ko urrian Torremolinoseko (Malaga) epaitegi baten ebazpen judiziala berrikusteko helegitea baztertu du Auzitegi Gorenak gaur emandako epaiaren bidez.

Bere ebazpenean, Gorenak dio arlo horretan jurisprudentzia dagoela, eta epai irmoen kasuan ezin dela ebazpena berrikusi ziurtatu du. Hala, geroago emandako beste epai batek jurisprudentzia sortu eta aurrekoarekin bat etorri ez arren, ebazpen judiziala ezin daitekeela berrikusi azaldu du.

Beste alde batetik, jurisprudentzia aldatu arren Espainiako araudiak ebazpen judizialen behin betikotasuna bermatzen duela gogoratu du Auzitegi Gorenak. Ildo horretatik, salbuespena  soilik ezohiko kasu batzuetan egin daitekeela azaldu du.

Horrenbestez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak geroago jurisprudentzia sortzen duen kontrako beste epai bat eman duen arren, erabaki horrek epai irmoak berrikustera ez diola behartzen azpimarratu du Auzitegi Gorenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena bideoak Europa Espainia bideoak Ekonomia Eguneko albisteak