Ekonomia -
Iazko urtearen balorazioa
Mondragon taldeko industria arloak 908 lanpostu sortu zituen 2016an
Industria arloan jarduten duten kooperatibek 5.035 milioiko salmentak egin zituzten, 2015eko mailari eutsita.
Agentziak | Erredakzioa
Mondragon Korporazioa osatzen duten industria arloko kooperatibek 2016. urtearen "balorazio positiboa" egin dute. Izan ere, 908 lanpostu berri sortu eta 5.035 milioi euroko salmentak egin zituzten.
Horrenbestez, 33.919 pertsona ari dira lanean talde horretako kooperatibetan. Horietako gehienak, ia bi heren (21.793), Hego Euskal Herriko lantegietan ari dira, eta Euskadiko industria arloko enplegu osoaren ia % 9 osatzen dute; gainerako guztiak (12.126), berriz, kooperatiben atzerriko filialetakoak dira.
Salmentei dagokienez, 2015eko mailari eustea lortu du Korporazioak, eta 2016an 5.035 milioikoak izan zirela iragarri du.
Emaitzen zenbateko zehatza ematerik izan ez badu ere, "lehen datuen arabera", 250 milioi eurotik gorakoak izango direla uste dute Mondragon taldekoek.
2016ko lanpostu berrietatik 414 Euskal Herrian sortu zituen taldeak, eta 494, atzerrian.
Balorazioa egiteko orduan, azken hiru urteetako enplegu sorreraren bilakaera nabarmendu du Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko presidenteak. Fagor Etxetresna Elektrikoak itxi izanak 1.895 bazkide utzi zituen kalean, baina "gehienei" irtenbidea ematea lortu dute, horren esanetan.
Industria arloa nazioartekotu izana ere azpimarratu du Ucinek, salmenten % 70 atzerrian egiten baitira. 2017ko erronkak hizpide hartuta, ikerkuntzaren eta garapenaren aldeko apustuari eutsiko diotela esan du Mondragon Korporazioko presidenteak.