Ekonomia -
Soldaten eboluzioa
Hego Euskal Herriko langileek 1.582 milioi galdu dituzte bost urtean
ELAk soldaten eboluzioari buruz egindako txostenaren ondorioetako bat da. Gainera, langileen erosmen ahalmena % 3,8 eta % 6,2 jaitsi da EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ELA sindikatuak hainbat proposamen egin ditu "krisi ekonomikotik irteteko errezeta" gisa: langileen soldatak igotzea, langile guztien gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea, soldatak Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) baino gehiago igotzea, eta 35 orduko lanaldia ezartzea, soldatari eutsiz. ELAren esanetan, Hego Euskal Herriko langileek 1.582,5 milioi euro galdu dituzte bost urtean soldaten aurkako "erasoen" ondorioz.
Soldatek Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan izandako eboluzioari buruzko txostena egin du ELAk, eta gaur goizean aurkeztu ditu horren ondorioak. Mikel Noval ELAko Gizarte Politikako arduraduna, Joseba Villarreal ELAko negoziazio kolektiborako arduraduna eta Adolfo "Txiki" Muñoz idazkari nagusia izan dira aurkezpenean.
Sindikatuak azpimarratu duenez, langileek erosmen ahalmena galdu dute azken bost urteotan eta soldatek barne produktu gordinean duten pisua ere "nabarmen" jaitsi da.
Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuak aipatuz ELAk salatu duenez, soldatak eta KPI metatua izan da aldi horretan. ELAren esanetan, langileen erosmen ahalmena % 3,8 eta % 6,2 jaitsi da EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren.
Zehatz-mehatz esanda, Hego Euskal Herriko langileek 1.582,5 milioi euro galdu dituzte azken bost urteetan (992,8 milioi EAEn eta 589,7 milioi Nafarroan).
Bestalde, soldata diskriminazioak ere izan ditu hizpide ELAk. Emakumeen soldata gizonezkoena baino % 29,6 txikiagoa da Nafarroan eta % 23,9 txikiagoa, berriz, EAEn.