Ekonomia -

Bizkaiko Ogasuna

Gaur hasi da Bizkaiko 2016ko errenta aitorpena egiteko kanpaina

Zergadunek Internet bidez, Ogasunaren bulegoetan edota finantza entitate laguntzaileen bitartez egin ahal izango dute aitorpena.

Errenta aitorpenaren kanpaina. Artxiboko argazkia: EiTB
Errenta aitorpenaren kanpaina. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur abiatu da Bizkaian 2016ko errenta aitorpena egiteko kanpaina, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez. Hala, Bizkaiko zergadunek ekainaren 30era arte izango dute Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Ondasunaren gaineko Zergaren aitorpena aurkezteko. Bizkaiko Foru Ogasunaren aurreikuspenen arabera, 566.000 errenta aitorpen aurkeztuko dira guztira.

Hamar zergadunetatik zazpiri itzultzera aterako zaie, eta, batez beste, 1.002 euro kobratuko dituzte. Ordaintzeko aitorpenen kasuan, ostera, 1.794 euro ordainduko dituzte, batez beste.

Bizkaiko Ogasuna 287 milioi euro biltzea eta 407 milioi euro itzultzea aurreikusten du. Itzuli beharreko diru kopuru horretatik 173 milioi kanpainako lehen egunetan itzuliko dira, zergadunek atzera bota ez dituzten Errenta Etxean proposamenei edo onartutako Errentaren web proposamenei dagozkielako.

Bestalde, errenta aitorpena banku erakundeen bitartez egiteko zerbitzua ere martxan dago jada. Kutxabank, Laboral Kutxa, BBVA, Santander, Caixabank eta Sabadell erakundeen 300 bulego baino gehiagotan, nahi duten zergadunek aitorpena egiteko edo Errenta Etxean proposamenak eta Errentaren web proposamenak zuzentzeko eskatu ahal izango dute.

Finantza entitate batean egindako aitorpena itzultzekoa bada, gehienez ere hamar egun balioduneko epearen barruan egingo du ordainketa Ogasunak; ordaintzekoa bada, aldiz, zordunketa uztaileko lehenengo astetik aurrera egingo da.

Foru Aldundiak azaldu duenez, zerbitzua doakoa da zergadun guztientzat eta ez da beharrezkoa finantza erakundeko bezero izatea. Hala ere, ezinbestekoa da aurretik hitzordua eskatzea. Errentaren kanpainan parte hartzen duten bulegoei eta hitzordua eskatzeko moduari buruzko informazio guztia errentari buruzko webgunean dago ikusgai, eta webgune horretan bertan egin eta aurkez daiteke errenta aitorpena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Errenta Ekonomia albisteak Gaurko azken orduko albistea