Ekonomia -

Euskadi Lan Txostena

EAEko helduen % 44 lanik gabe daudela ohartarazi du EHUk

Sara de la Rica katedradunaren iritzian, egoera "kezkagarria" da, "epe ertainean" eskulan eskasia ekarriko duelako.

Lanbidek Bilbon duen bulegoetako bat. EFE
Lanbide. EFE
Lanbidek Bilbon duen bulegoetako bat. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2017ko lehen hiruhilekoari dagokion Euskadi Lan Txostenak (EHU) ohartarazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko helduen % 44 lanik gabe daude. Sara de la Rica Ekonomia katedradunak zuzenduta du txostena; haren ustez, datua "kezkagarria" da, biztanleriaren zahartze prozesua tarteko, epe ertainean eskulan eskasia ekarriko duelako, ezinbestean.

Txostenaren arabera, azken 12 hilabeteetan gora egin du 16 urte gorakoen kopuruak:  8.300 heldu gehiago daude. Horrez gain, 2.325 landun eta 17.175 langabe gutxiago daude. Dena dela, kezka gehien eragiten duen datua honakoa da: aktibo ez dauden 20.000 pertsona gehiago daudela. "Azken 12 hilabeteotan, Euskadiko langabezia inaktibitatearen gorakadagatik murriztu da, eta ez enpleguaren gorakadagatik", ohartarazi du De la Ricak.

Ekonomialariaren ustez, lau faktoreren eraginez gertatzen ari da hori. Batetik, biztanleria zahartu doanez, gero eta pertsona gutxiago sartzen dira helduen taldera, eta gero eta gehiagok jotzen dute inaktibitatera, erretiroa hartzeko adina dutelako. Bestetik, landunek nola langabeek aldez aurretik erretiratzeko edo aurre-erretiroa hartzeko erabakia har dezakete. Horrez gain, langabe batzuek, etsita, lana bilatzeari uzten diote. Azkenik, "lehendik lanean edo lanik gabe zeuden pertsona batzuek inaktibitatera jotzen dute erabaki pertsonalak edo/eta familiakoak direla eta", zehaztu du.

De la Ricak enpleguarekiko "harreman malguak" proposatu ditu konponbide gisa. Neurriok aproposak izan daitezke ikasketak amaitzear dituzten gazteentzat, "egunean ordu batzuk lan egin nahi duten 65 urtetik gorakoentzat", edota lan egin nahiko luketen baina laneko bizitza eta familiakoa uztartzeko zailtasuna dela-eta lan barik egotera "behartuta" dauden beste kolektibo batzuentzat.

Langabezia emakumeen artean

Txostenak dioenez, gainera, langabeen kolektiboan zertxobait areagotu da emakumeen intzidentzia: 2016ko lehenengo hiruhilekoan % 47,8koa zen, eta hiruhileko honetan, berriz, % 52koa. "Gorakada hori garrantzitsua da, eta, gainera, emakumeek langabeen kolektiboan presentzia handiagoa dute Euskadin Espainiako gainerako eskualdeetan baino. Euskadiko enpleguan industria indarra hartuz joateak eragina izan lezake datu horretan, industriaren sektoreko enpleguak guztiz maskulinizatuta daudelako. Labur esanda, 44 urtetik gorako luzaroko emakume langabeak, ziur asko, gero eta gehiago dira langabeen kolektiboan, eta, gainera, zailtasun handiagoak dituzte lana topatzeko", azaldu du De la Ricak.

Datu positiboak ere atzeman dituzte txostenean. Hala nola, Euskadiko langabezia % 12tik beherakoa dela; zehazki, % 11,8koa. Horrela, EAEk, Nafarroarekin eta Errioxarekin batera, langabezia tasa apalenetakoak ditu.

Halaber, industria sektorea lehengoratzen ari da, eta 100 landunetik 23 enplegatzen ditu jada, eta, horrez gain, enplegu egonkorragoa eta lanaldi osoak eskaintzen ditu. Alabaina, zerbitzuen sektoreak sortzen du enplegu gehien: 100 landunetik 70i ematen die lana.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia EHU berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana albisteak Ekonomia albisteak Albisteak