Ekonomia -

Protesta

Bilboko Metroaren 5. linea Galdakaon egitea eskatu du martxa batek

3. linea abiatu ostean, erakundeek 'Galdakaokoa ez den beste linea batzuei begirako proiektuak' egiten jarraitzen dutela salatu dute antolatzaileek.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

500 lagunek baino gehiagok parte hartu dute igande honetan Galdakaoko ospitalea eta Etxebarri batu dituen martxa batean, ahal bezain pronto metroaren 5. linea egin dezatela eskatzeko.

Metroaren bosgarren linearentzat aurreikusita dagoen ibilbidea bete du martxak.

Protestan parte hartu dutenen artean, Loren Oliva Etxebarriko alkatea egon da, baita herri horretako eta Galdakaoko alderdi politiko guztien ordezkariak ere, eta "5. lineari lehentasuna. Metro Galdakao orain!" leloa zuten kartelak eraman dituzte.

Ibon Uribe Galdakaoko alkateak ere babesa eman die protestaren antolatzaileei, baina, arrazoi pertsonalak direla medio, ez du bertan parte hartzerik izan.

Martxa Etxebarrira heldu denean, antolatzaileek idatzi bat irakurri eta euskal erakundeek egindako promesak betetzen ez dituztela salatu dute.

"2006tik ari gara entzuten metroa gure herrira datorrela 1. linearen jarraipen bezala, eta ordutik aurrera baztertu egin gaituzte bosgarren tokian utzi arte", gaitzetsi dute.

Metroaren aldeko Galdakaoko plataformak laster 40.000 sinadura aurkeztuko ditu, legegintzako herri-ekimen baten bidez lan horiek has daitezela eskatzeko. Horrez gain, "Galdakaoko lineako lanetan hondeamakinak lanean ikusi arte", mobilizazioak egiten jarraituko dutela aurreratu dute.

Azkenik, plataforma atsekabetuta agertu da, 3. linea ireki ostean, erakundeak 'Galdakaokoa ez den beste linea batzuei begirako proiektuak' egiten jarraitzen dutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Galdakao albisteak Metro Bilbao gertakaria Gizartea bideoak Ekonomia Albisteak