Ekonomia -
Zordunen zerrenda
Nafarroak zordunen zerrenda kaleratu du: 238 milioi euro zor dituzte
Zordunik handienak (% 40) higiezinen eta eraikuntzaren sektorean daude.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Ogasunak zordunen zerrenda argitaratu du bere webgunean. Berankor handiak 316 dira eta 237,9 milioi euro zor dizkiote Foru Erkidegoari. Kasu gehienak, Balio Erantsiaren Gaineko Zergarekin (BEZ) eta atxikipen fiskalarekin lotuta daude, enpresariak eta profesionalak direlako zordun gehienak.
2016ko abenduaren 31n, 250.000 eurotik gorako zorra zuten pertsona fisiko eta juridikoak dira zerrenda agertzen direnak. Zorrak atzeratuta eta baliogabetuta dituztenenak ez dituzte aipatzen. Hori dela eta, Atletico Osasuna, adibidez, ez dago zerrenda horretan.
Zordunen % 40 higiezinen eta eraikuntzaren sektorekoak dira, zor guztiaren % 45a eurek eragin dute, 107,7 milioi euro baino gehiago, Luis Esain Nafarroako Ogasuneko zuzendariak jakitera eman duenez.
Elikadura eta banaketa sektoreko zergadunek, 14,3 milioi euroko zorra dute; ibilgailu saltzaileek, 11,6 milioi eurokoa; petrolio-gaien banatzaileek, 10,6 milioi eurokoa; eta ostalariek, 9,4 milioi eurokoa.
Denera, 53 pertsona fisikoak dira eta 263 juridikoak. Zordunen % 23 hartzekodunen konkurtsoan daude.
Helbide fiskalaren arabera, Nafarroako 79 herritakoak dira, baina badaude Foru Erkidegotik kanpokoak direnak ere.
Zordun gehienak (88) Iruñekoak dira eta zorraren % 28,81 eurek eragin dute. Nafarroatik kanpo bizi direnak 17 dira; 15, Tuterakoak; 12, Mutiloakoak; eta 10, Noaingoak.
Zordunen zerrenda hiru hilabetez egongo da eskuragarri Ogasunaren webgunean. Pertsona fisikoen kasuan, izen-abizenak eta NIF zenbakia azaltzen dira; pertsona juridikoen edo erakundeen kasuan, berriz, izen sozial osoa eta NIF zenbakia.