Ekonomia -
Lan-gatazkaren amaiera
EAEko sozietate publikoek murriztutako soldata itzuliko diete langileei
Eusko Jaurlaritzak sozietate publikoetako langileen soldatak murriztu zituen 2010ean, Estatuko lege bat oinarri hartuta. Auzitegi Konstituzionalak, baina, baliorik gabe utzi zuen murrizketa 2015ean.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak baimena eman die sozietate publikoei zuzendaritzako kide ez diren langileei 2015eko uztailaren 31tik 2016ko abenduaren 31ra bitartean murriztutako dirua itzultzeko. Zortzi milioi euro, guztira.
Josu Erkorekak esan duenez, 2.700 dira atzerapenak jasoko dituzten beharginak.
Aipatu lan-gatazka Patxi Lopez lehendakari izan zen garaian piztu zen, 2010ean. Estatuko lege bat oinarri hartuta, Eusko Jaurlaritzak sozietate publikoetako langileen soldatak % 5ean murriztu zituen.
2015ean, baina, Auzitegi Konstituzionalak murrizketa hori baliogabetu egin zuen, zuzendaritzako kide ez ziren langileei murrizketarik aplikatu behar ez zitzaiela ulertuta.
Jaurlaritzak urtarrilean agindu zien sozietate publiko guztiei langile bakoitzari ordaindu beharrekoa zenbatekoa zen kalkulatzeko. Orain arte, zortzi enpresatako egoera erregularizatu dute, beharginei 6,9 milioi euro itzulita.