Ekonomia -
Garraioa
UPSk Forondako aireportuan lan egingo du ekainaren 5etik aurrera
20 bat tonako karga har dezakeen hegazkin bat geldituko da bitan aireportuan, eta 20 lanpostu berri banatuko dituzte Forondako eta Sevillako aireportuen artean.
agentziak | erredakzioa
UPS paketeria enpresa Forondako aireportuan hasiko da lanean ekainaren 5ean, Kolonia, Gasteiz eta Sevilla lotuko dituen merkataritza ibilbide berriaren barruan.
Ibilbidearen aurkezpenean Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, Gregorio Rojo Merkataritza Ganberako presidenteak eta Wilfredo Ramos UPSren Espainia eta Portugalgo zuzendari nagusiak parte hartu dute.
20 bat tonako karga har dezakeen hegazkin bat geldituko da bitan aireportuan, eta karga eta deskarga egingo du bertan.
Ramosek esan du berrikuntzaren buruan dagoelako eta industria sektore indartsua duelako aukeratu duela UPSk Araba.
Zuzendari nagusiak azpimarratu du “geratzeko” iritsi direla Forondara, baina oraingoz eurena ez den pabilioi batean lan egingo dute, eta bertan jasoko dute Koloniatik eta Espainiako Estatuko iparraldetik iritsitako merkantzia.
Arabako ahaldun nagusiak, bere aldetik, lurraldearen esportaziorako joera gogorarazi du, ekoizten duenaren % 95 atzerrira bidaltzen duelako.