Ekonomia -
Lehendakaria Kolonbian
Kolonbian 7 proiektu lizitatzen lagunduko die Jaurlaritzak euskal enpresei
Horretarako, Basque Country Lizitazioak Plataforma sortu du Jaurlaritzak, Iñigo Urkullu lehendakariak Bogotan iragarri duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Kolonbian zazpi proiekturen lizitazioan lagunduko die euskal enpresei, eta 600 milioi dolar bideratuko dituzte horretarako, Basque Country Lizitazioak Plataformaren bidez.
Hala iragarri du Iñigo Urkullu lehendakariak Kolonbiara egin duen bidaia ofizialeko lehen egunean, Bogotan. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua ere izan da ekitaldian.
Kolonbian 52 urtez gerran egon ostean, bakerako akordioa lortu zuten, eta horrek aukera berriak ireki ditu euskal enpresentzat nahiz Kolonbiako ekonomiarentzat, Urkulluren esanetan.
Lehendakariak berretsi duenez, Jaurlaritzaren apustua da euskal enpresei irekitzeko eta nazioartean zabaltzeko prozesuetan laguntzea, eta bidaia honen helburu nagusietako bat horixe dela erantsi du.
Urkulluren hitzetan, Kolonbian lan bat aurreratu dute jada, eta 'PAZcifico' planean aurreikusitako proiektu guztiak aztertu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, Euskadiko enpresek eta klusterrek ekarpenak egin ditzakete proiektu horietako zazpitan, arlo hauekin lotutako ekimenetan: energia, ingurumena, ura eta saneamendua, garraioa eta eraikuntza.
Horrela bada, lehendakariak jakinarazi du Jaurlaritzak aipatu egitasmoak gauzatzen lagunduko duela, proiektu horiek 600 milioi dolarreko inbertsioa eskatzen dutela, eta Garapeneko Nazioarteko Bankua eta Munduko Bankua arduratuko direla finantzazioaz.
Enpresei lizitazio prozesuan laguntzeko, Basque Country Lizitazioak Plataforma sortu du Jaurlaritzak.