Ekonomia -
Lan-gatazka
Zamaketariek ez dute akordiorik lortu eta greba egingo dute hurrengo astean
Zamaketarien sindikatuak “gaizki sentituak eta engainatuak” sentitu dira patronalarekin izandako bileran. Anescok iritiz aldatu duela diote langileek.
Agentziak | Erredakzioa
Zamaketariek hiru greba egun egingo dituzte hurrengo astean; astelehenean (ekainak 5), asteazkenean (7) eta ostiralean (9), sindikatuek eta patronalak ostegun goizean izandako bileran ez baitute akordiorik lortu. Hala iragarri du Itsasoko Langileen Estatuko Koordinatzaileak (CETM), eta aurrerantzean ere lanuzte gehiago egingo dituztela jakinarazi du.
Gaurko bileran lan-gatazkari amaiera ematea aurreikusita zegoen arren, patronalak jarreraz aldatu du eta ez dute akordiorik lortu. Bileraren ostean Antolin Goya CETM sindikatuko koordinatzaile nagusiak ziurtatu duenez, egun batetik bestera patronala “erradikalizatu” egin da.
Zamaketarien sindikatuak “gaizki sentituak eta engainatuak” sentitu dira Anesco patronalarekin izandako bileran. Ildo horretatik, joan den astean egindako proposamena gogora ekarri dute, eta portuetako zamaketarien lanpostuak bermatzeko konpromisoa hartu zuela bazirudiela azaldu dute.
Maiatzaren 22an Anescorekin aurre akordioa lortu ondoren, zamaketarien sindikatuek bertan behera utzi zituzten maiatzeko amaierarako eta ekainaren hasierarako deitutako lehen bost greba egunak. Aurrerantzean normaltasunez negoziatzen jarraitzeko prest agertu ziren, eta akordioa ixteko esperantza zutela nabarmendu zuten.
Gaur izandako bileran, ordea, patronalak jarreraz aldatu duela salatu dute sindikatuek, eta zamaketarien lanpostuei eusteko konpromisoa hartu nahi ez duela ziurtatu dute. Antza denez, portu bakoitzeko langileen egoera banaka aztertu nahi du Anescok, eta, hori egin ostean, baldintzak eztabaidatuko lituzkeela esan du Goyak.
CETM sindikatuko koordinatzaile nagusiaren arabera, langileen eta enpresaren artean negoziaketek aurrera egin ahal izateko lehenik eta behin lana ematen dutenak eta beharginak zeintzuk diren azaldu behar da, “inoren langileak” ez direla uste duelako.
Hala, Espainiako Gobernuak zamaketarien sektorea erreformatzeko legea onartu zuenetik, patronalak jarreraz aldatu duela kritikatu du Goyak.