Ekonomia -
XI. Biltzarra
Loli Garciak CCOO-Euskadiko idazkari nagusi kargua hartu du
Unai Sordo ordezkatuko du, uztailetik aurrera Espainiako Estatu mailan CCOO zuzenduko baitu. Botoen % 84,3ko babesa lortu du Garciak.
Agentziak | Erredakzioa
Ostiral honetan Loli Garciak bere gain hartu du CCOO-Euskadi sindikatuko idazkari nagusi kargua. Sindikatua herritarrengana hurbildu eta Euskadin erreferente soziopolitiko izaten jarraitzeko helburuekin lan egiten jarraituko duela ziurtatu du CCOO-Euskadiko buruak.
Gasteizen egindako XI. Biltzar Nagusian, Garciak CCOO-Euskadiren buru izateko aurkeztutako hautagaitzak aldeko 231 boto jaso ditu. Halaber, bozketan parte hartu duten gainontzeko 49 afiliatuek zuriz bozkatu dute. Gauzak horrela, botoen % 84,3ko babesarekin bere gain hartu du idazkari nagusi kargua. Unai Sordo ordezkatuko du, uztailetik aurrera Espainiako Estatu mailan CCOO zuzenduko baitu.
CCOO-Euskadi sindikatuko idazkari nagusi berriak jasotako babesa eskertu du, eta Unai Sordok egindako lana goraipatu du. Ildo horretatik, sindikatu horren barruan hartutako konpromisoa eta izandako ardura nabarmendu du.
Gauzak horrela, Sordok egindako lan “bikaina” oinarri hartuta lan egiteko prest agertu da Garcia. Hala, lan arloan eta gizartean eman diren aldaketetara sindikatua bera ere egokitu beharra duela iragarri du idazkari nagusi berriak.
Gaur egungo genero desberdintasunarekin eta emakumeekiko diskriminazioarekin behingoz amaitzeko asmoz, feminismoa bere eguneroko jardueraren oinarri nagusietako bat izango dela azaldu du.
Halaber, zerbitzu publikoen "pribatizazioak" herritarrengan izan dituen eragin negatiboak azaldu ditu, eta ongizate estatua "merkantzia bihurtu" dutela gaineratu du. Arrazoi horregatik, gizarte justu eta orekatuago baten alde lan egingo duela esan du.
Gazteei dagokienez, haien etorkizuna ezezaguna izaten jarraitu ez dadin ezin direla etsi azpimarratu du. Ildo horretatik, gaur egungo egoera ekonomikoa dela eta bizi-proiektu duina sortzeko aukerarik ez dutela nabarmendu du.
Ondorioz, sindikatua herritarrengana hurbiltzeko lan egingo duela iragarri du CCOO-Euskadiko idazkari nagusi berriak. Helburu hori lortu ahal izateko, lehenik eta behin barne egitura egonkortu behar dela uste du Garciak.