Ekonomia -

Gipuzkoa

Ingemarrek Usurbilgo 72 langileak kaleratzeko txostena aurkeztu du

Enpresa batzordeak lantegiaren "bideragarritasuna" defendatu du, eta konkurtso legea enpresa "likidatzeko" erabili nahi dutela salatu du.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ingemar Taldeak Usurbilgo lantegiko 72 langileak kaleratzeko lan erregulazio espedientea aurkeztu du gaur, enpresa batzordeak salatu duenez. Langileen ordezkariek uste dute lantegia "bideragarria" dela, eta konkurtso legea enpresa "likidatzeko" erabili nahi dutela.

Usurbilgo Ingemarreko langile batzordeak prentsaurrekoa eman du Donostian marmola eta granitoa lantzen duen enpresaren egoeraren berri emateko. Ingemarrek Gipuzkoako lantegiko 72 beharginak kaleratzeko txostena baimentzeko eskatu dio Lugoko auzitegiari, hartzekodunen konkurtsoa kudeatzen ari den epaitegiari.

Taldearen egoitza eta jatorria Usurbilen badaude ere, Lugon ere badute fabrika, eta bertan 120 behargin dituzte.

Usurbilgo langile batzordeak konkurtso legea arauak aurreikusten dituen helburuetarako ez erabiltzea egozten dio Ingemarri, ez duelako enpresaren "kaudimen eza" gainditu nahi.

"Zuzendaritzaren helburua aktiboekin geratzea bada, oso handiak baitira", bideragarritasun egitasmorik aurreikusi gabe, batzordeak "ahal duen guztia egingo du trama ia mafioso hau desegiteko eta bakoitza merezi duen lekuan uzteko", azaldu dute.

Bestalde, batzordeak lantegiaren inguruko jarrera argitzeko eskatu dio Kutxabanki, konkurtsoan hartzekoduna delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Lana EEE albisteak Ekonomia 2024 Usurbil argazkiak Eguneko albisteak Lan gatazkak