Ekonomia -
Enplegua
Lanpostua duten emakumeen tasa gizonena baino % 27 baxuagoa da mundu mailan
Estatu arabiarretan, Afrika iparraldean eta Asia hegoaldean dago alde handiena (%50etik gorakoa) eta jarduera tasa baxuena (% 30etik behera).
agentziak | erredakzioa
Lanpostua duten emakumeen tasa % 49koa da mundu mailan, gizonezkoena baino ia % 27 baxuagoa, eta ez dute espero 2018an datua hobea izango denik, gaur aurkeztu duten Munduko Aurreikuspen Sozialen eta Enpleguaren txostenaren arabera.
Lanaren Nazioarteko Erakundeak egindako ikerketan agertzen denez, "genero desberdintasuna da lan merkatuan mundu mailan dagoen erronka nagusietako bat", emakumeek lanpostuak lortzeko edo lana bilatzen aritzeko gizonek baino askoz aukera gutxiago dutelako.
Mundu mailan, ekonomikoki goranzko joera duten herrialdeetan da handiena diferentzia (% 31 ingurukoa). Herrialde garatuetan % 16koa da aldea, eta % 12koa garatze bidean dauden herrialdeetan.
Geografikoki banatuta, Estatu arabiarretan, Afrika iparraldean eta Asia hegoaldean dago alde handiena (%50etik gorakoa) eta jarduera tasa baxuena (% 30etik behera).
Espainiako Estatuan % 52,1ekoa da emakumezkoen lan jarduera tasa 2017an, gizonezkoena baino % 12,1 baxuagoa.