Ekonomia -

Polizia operazioa

18 atxilotu, egile eskubideen iruzurraren aurkako operazioan

SGAEk Madrilen duen egoitza nagusia miatu du Espainiako Poliziak. Horren harira, informazioa eskatu diete RTVE, EiTB eta beste telebista autonomiko batzuei.

SGAEk Madrilen duen egoitza nagusia miatu du Espainiako Poliziak. Argazkia: EFE
SGAEk Madrilen duen egoitza nagusia miatu du Espainiako Poliziak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Telebista kateetan eskaintzen diren abestien kudeaketan egile eskubideen iruzurra egiten ote den argitzeko operazioa abiatu du gaur Espainiako Poliziak. Hogei atxiloketa inguru egitea eta beste hainbat inputazio egitea aurreikusten dute. Oraingoz, 18 pertsona atxilotu dituzte.

Ikerketako iturriek azaldu dutenez, Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz 16 miaketa eta 20 dokumentazio eskaera egiten ari dira Polizia Judizialeko agenteak SGAEren egoitza nagusian eta hainbat telebista katetan.

Poliziak hainbat telebista kateri egin die informazio eskaria eta horien artean daude: TVE, Telemadrid, Euskal Irrati Telebista (EITB), Gaztela-Mantxako telebista (CMM), Kanaria uharteetako telebista, Aragoiko telebista, Asturiasko telebista (TPA) eta Murtziako telebista (Murcia 7RM).

SGAEri lotutako hainbat lagunen egile eskubideen kudeaketa eta kobrantza jarri dituzte ikerketaren jomugan. Ikerketako iturrien arabera, ustez, beste egile batzuen lan musikalak apur bat moldatzen zituzten beste hainbat konturen artean.

Ikertuek sare moduko bat osatzen omen zuten. Antza denez, kalitate baxuko musika ekoizteaz gain, domeinu publikoko lan musikalei moldaketak egiten zizkieten eta gero horiek erregistratu eta telebistan eskaintzen zituzten.

EiTBren Oharra

Ohar honen bidez, EiTBk jakinarazi nahi du Polizia Nazionalaren Delinkuentzia Espezializaturako eta Biolentziarako Unitateak ireki duen ikerketa batean kolaboratzen ari dela. Fiskaltzaren eskariz ireki den ikerketa horren helburua da telebistetako gaueko tartean emititzen den musikan autore-eskubide paraleloak sortzen zituen sare bat desegitea.

Polizia Nazionala gaurko egunean aurrera eramaten ari den jarduketak direla eta, EiTBk argitu nahi du SGAEn autore-eskubideen erabilera paraleloari buruz ireki den ikerketa batekin lotuta daudela.

Ikerketa horren barruan, EiTBri informazioa eta dokumentazioa ematea eskatu zaio. Hala egiten ari da, agintari eskudunei helaraziz dagokion informazio eta dokumentazio guztia, eta une oro erabateko kolaborazioarekin jokatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia argazkiak Ekonomia 2024 Albisteak