Ekonomia -
Ikerketa, zabalik
Sukarrietako langilea bero kolpe batek hil ote zen ikertzen dabil Osalan
Autopsiak zehaztuko du zergatik hil zen 45 urteko gizona. Mundakako itsasadarraren obretan ari zen, ondoeza izan zuenean.
Agentziak | Erredakzioa
Juanjo Salaberri Osalanek Bizkaian duen arduradunak azaldu duenez, Sukarrietan asteartean gertatutako lan heriotza ikertzen dabiltza. Autopsiak baieztatu beharrekoa bada ere, badirudi bero kolpe batek jota hil zela langilea.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, 45 urteko gizona eta Sukarrieta Saneamendua aldi baterako enpresako behargina "garbiketa lanetan ari zen, eguzkitan, 33 ºC-tan eta ibaiari darion hezetasunarekin". "Lankide batek topatu zuen, lurrean, kordea galduta", zehaztu duenez. Berak deitu zuen 112 larrialdietako telefonora, eta Sukarrietatik anbulantzian eraman zuten Gernikako Ospitalera.
Salaberriren hitzetan, "oraindik ikertzen gabiltza, baina suposatzen dugu bero kolpe batek jota hil zela; sargori zen egun hartan, eta langilea guztiz jantzita zegoen, besoak ere tapatuta".
"Estres termikoa" saihesteko hainbat gomendio eman ditu Osalaneko arduradunak: girotzea, ura sarri edatea eta lankideen artean txandakako atsedenaldiak adostea, besteak beste.
Nabarmendu duenez, Sukarrietan gertatutakoa mota honetako lehen lan istripua da EAEn, "gertakari arinik ere ez dugu izan", zehaztu du.